argia.eus
INPRIMATU
Aili Keskitalo: "Ez dut ikusten zergatik beharko genukeen estatu bat"
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2013ko maiatzaren 03a
(*) Aili Keskitalo Sami Legebiltzarreko lehendakaria da
 
Larunbat arratsaldea izan arren, bere bulegoan lanean harrapatu dugu Aili Keskitalo. Lehen emakumea da Norvegiako Sami Legebiltzarreko lehendakaritzan eta ilusioz beterik aurkitu dugu.

Zein da Sami Legebiltzarraren papera bertako kultura bultzatzeko?


Funtzio ugari ditugu. Norvegiako Gobernuak ematen digun dirua banatu behar dugu eta aldi berean sami herriaren beharrak helarazi behar dizkiogu. Sami Legebiltzarraren eta kultura arloko erakundeen arteko elkarlana bultzatzen dugu eta baita Finlandiako eta Suediako sami parlamentuekin eta Errusiako samiekin ere.

Sami Legebiltzarrak orain gutxi sinatu berri du kontsulta ituna.


Nik uste autodeterminaziorako bidean kontsulta ituna aurrerapauso handia izan dela. Orain posizio hobea ematen digu Norvegiako Gobernuak hartzen dituen erabakietan eragina izateko. Hala ere, oraindik hau nola erabili aztertzen ari gara, norvegiar burokrazia ez baitago ohituta kontsulta egitera. “Oso ondo, esan behar zenutena entzun dugu eta orain guk erabakiko dugu zer egin ondoko gelan, agur”, esatea gustatuko litzaieke, baina kontsulta itunaren funtsa elkarrizketa da eta adosten saiatzea. Ez da negoziazioa, baina gertuago dago.

Zer nolako harremana duzue Norvegiako Gobernuarekin?


Nik uste Norvegiako Gobernua elkarlanerako prest dagoela, nahiz eta ez garen beti adostasunera iristen. Bereziki baliabide naturalen kudeaketa eta eskubidean izaten ditugu desadostasunak. Norvegia ez da munduan indigenen eskubideak errespetatzeko orduan onena, baina beste politika arloetan harreman oso ona dugu.

Sami herriak subiranotasun gehiago nahi al du?


Kasu batzuetan bai. Baliabide naturalen eta lurraren kudeaketan behintzat bai. Adibidez, animalia basatiak ehizatzeagatik zenbat eta noiz ordaindu guk erabakitzea. Autodeterminazioa ez da hain erraza. Gainontzeko herrietan bezala, ez gara ados jartzen gauza guztietan.

Zer diozu independentziaz?


Ez dut uste garrantzi handiko kontua denik. Sami mugimendutik kanpoko jendea beti saiatu izan da biztanleria beldurtzen egunen batean independentzia eskatuko dugula esanaz. Ez dut uste estatu nazional bat izatea garrantzitsua denik. Ekonomia, informazioa eta aldaketa klimatikoak bezalako kontuak globalak dira orain. Ez dut uste mugak jartzea garrantzitsua denik eta ez dut ikusten zergatik beharko genukeen estatu bat.

Orduan zein da zuen helburu politikoa?


Autodeterminazio kontua da. Norvegia iparraldeko politikari guztiak sami estatu baten hain beldur badira, zergatik ez digute galdetzen zer nahi dugun? Sami nahiaren beldur direlako. Agian egunen batean jendea esaten hasiko da ez dugula muga hauekin bizi nahi eta horren beldur dira.

Zenbaterainoko elkarlana duzue sami legebiltzarren artean?


Sami Legebiltzar Kontseilua elkarlanerako dugu. Urtean bitan biltzen dira eta hiru urtean behin hitzaldi parlamentario bat eskaintzen dute, ditugun arazoak eztabaidatzeko. Nik Finlandiako eta Suediako sami lehendakariekin elkarlan berezia dut, nazioarteko elkarlana koordinatzeko.

Etorkizun hurbilera begira, zein dira zuen helburuak?


Helburu asko ditugu, eskubideei lotuak. Lur-eskubideekin borrokan jarraituko dugu eta arrantzarako eskubideak hobetu behar ditugu. Gas, petrolio eta mineralen kudeaketarako eskubideak ere garrantzi handia hartuko du hurrengo urteetan. Kulturari begira, berriz, ezer txarrik gertatzen ez bada behintzat, gure hizkuntzaren inguruko lana indartuko dugu. Etorkizuna baikor ikusten dut.