1951n Frantzian, nioen bai, zekaleriak edo ergotismoak ganadua jo eta gero ehunka lagun kutsatu eta dozenatik gora hil ziren. XI eta XVI mendeen artean izurri ikaragarriak eragin zituen lurralde hotzetan. Orduz geroztik oso tarteka azaldu izan da. Izen ugari du gaitz honek: su sakratua, infernuko sua, San Antonioren sua... Azken hau XI mendetik dator, santu honenganako zaletasuna zela-eta gaixoak jaso eta artatzeko monasterio mordoxka bat ireki baitzituzten bere jarraitzaileek; harrez gero santua eskuan sua duela irudikatu izan da eta T itxurako makila du, gaixo horiek maiz behar zuten makuluaren irudi, apika...
Mirakulua 1597an gertatu zen, ordea; ez, baina, santu baten gonapean, Marburgoko (Alemania) Medikuntza Fakultatean baizik: gaitza ainoak kutsatutako zikirioz egindako ogi beltza jatetik soilik sortzen zela aurkitu zuten. Benetako mirakulua izan zen eta laster zabaldu zen berria. Geuregana prantsez-haizeak ekarriko zuen, noski:, eguneroko oinarrizko jakiak, zikiriozko otasa beltzak eragiten zuen gaitz beldurgarria, hau da, gaitzik ez izateko ogi zuria jan behar zen. Hortik ote dator jende zaharrak ogi beltzari dion nazka? Orduan are eta gehiago zabaldu ote zen taloa eta artoa jatea? Handik aurrera gosete eta premia latzeko garaitan berpiztu izan da, tarteka-marteka, han-horka, San Antonioren sua.
Behin pozoia ezagututa, dosia gora-behera, bere alde onak miatu zituzten, eta baita argitu ere. Mendetan erabili izan da haurdunari umea galdu arazteko, erditu ondorengo odol-jarioa lehortzeko, edoskitzaroko esnearen emana eteteko, buruko min gorrietarako, hipotentsioa oneratzeko... Eta zikirio-ainoaren mirakulutea ez da amaitu. Bere osagai batetik abiatuta Parkinsona tratatzeko botika bat sortu da. Hau ez da, ordea, ezagunena. 1943an Albert Hofmann kimikari suitzarrak, ez si eta ez no, azido lisergikoaren dietilamina edo LSD-25 aurkitu zuen. Hau droga haluzinogenoen prototipo, mundu osoan, kultura guztietan sormenaren akuilu baliatzen diren drogen eredu da egun. Haluzinazioak goiti-beheiti, aurkikuntza berrien arabera soroetako kupre eskasiak ainoak zikirioa kutsatzea errazten duela badakigu.