Bateria gabe aritu nahi zenuten?
Gure apustua bateriarik gabeko formatu akustikoaren alde egitea da, eta ez da bateria jotzailerik aurkitu ez dugulako bakarrik. Kontzertuak egiterakoan ere horrek erraztasun asko ematen dizkigu, eta bestelako taberna edo lekuetan jotzeko aukera ematen digu. Gainera, traste gutxiago mugitu beharra askoz ere erosoagoa da.
Irtenbiderik gabeko autobideek nora eramaten gaituzte? Indibidualismoaren kontrako abestiak dira?
Bai, abesti hori indibidualismoaren kontrako salaketa da. Pertsona bakarti asko dago, eta bakardadearen gaiak kezkatu egiten nau. Orain dela 30 urte autoa modernitatearen ikurra bazen, gaur egun pilaketa eta auto ilara amaigabeen sinboloa da. Gehiegizko modernitateak aldrebeskeria ugari ekartzen dizkigu, eta hala gabiltza.
Musikari hitzei baino garrantzia handiagoa ematen diezue?
Nik ez, baina Mikel eta Fernando taldekideek bai. Baina hasi gara hori poliki-poliki aldatzen. Are gehiago, formatu txikietan hitzek pisu handiagoa hartzen dutela pentsatzen dut. Baina azken finean musikariak gara eta idaztea gehiago kostatzen zaigu.
Bluesa, flamenkoa, rocka eta bestelakoak lantzen dituzue, baina bat hartzekotan zein aukeratuko zenukete? Hurrengo lanean norantz joko duzue?
Oraingoz ez daukagu hurrengo proiektuetan nondik joko dugun pentsatzeko astirik. Disko hau aurkezten jarraituko dugu.
Bitxia da hiru taldekideok iraganean punk-rock, hardcore eta halako soinuak egiten ibili izana…
Bolumena jaisteko gogoa genuen eta hori da egin duguna. Formatu akustikoko proiektuak oso aberatsak dira eta mundu horretan ari gara murgiltzen.
Haritz Harreguyrekin eta Martxel Arkarazorekin grabatu duzue. Gustura geratu zarete?
Bai, oso gustura. Jende ona eta profesional ezin hobeak dira. Eta estudioa oso dotorea da, paraje ederrez inguraturik. Ezin dugu gehiago eskatu.
Irtenbiderik gabeko autobideak Mahaster River
Gaztelupeko Hotsak
Iraupena: 47'29'' 11,70 euro
Sustraietako soinuetara jotzen duen hirukotea
Bergarako hiru lagun hauek herriko proiektu indartsu eta zalapartatsuetan ibiliak dira iraganean (Fly Shit, Cool Panic...). Halako batean, ia oharkabean taberna eta ospakizun berezietan jotzeko elkartu eta ezohiko eskaintza sendotzen hasi ziren, gaur egun indartuta dagoena. 12 sokako gitarra akustikoa, eta baxu eta gitarra elektriko bana batuta, bateria gabe, sustraietara jotzea erabaki zuten, bluesa, flamenkoa eta rock-and-rolla egitera. Taldeari izena ematen dion auzunetik hurbilekoak egiten zaizkigun istorioak kontatzen dituzte, eta gorputzak eskatzen dienaren arabera ingelesa eta euskara erabiltzen dute. Ez dute mugarik jarri nahi, eta beraien gustu eta eskaintza aniztasunaren adibide, Ennio Morricone, Bo Diddley eta T-Bone Walkerren bertsioak ere grabatu dituzte disko honetan.