argia.eus
INPRIMATU
Nontzeberri sorkuntzaren leihoa
2007ko otsailaren 18a
Zine industriaren negozioan sartzea oso zaila da. Dirua, prestigioa, fama... oso urrun geratzen zaizkigu. Baina jende askori ez zaio bere lanak egin eta lau haizetara zabaltzeko gogorik falta, zinema industria baino askoz gehiago dela erakutsi nahian.


Laburren krisia

Urte askoan laburren mundua bigarren mailakoa izan da, film luzeen itzalpean. Hollywoodeko ekoiztetxe handiek daukate monopolioa eta zinemetan ez dugu film komertzialik besterik ikusten. Pelikula luzeen inguruan sortu den industria oso indartsua da eta oso errotuta dago gizartean. Panorama horren aurrean film laburren munduak bizirautea oso zaila du. Produkzioak egoera honetara ohitu eta irtenbide berriak bilatu behar izan ditu. Film luzeen industria monopolistarekin lehiatzerik ez duten arren, laburrek beren txokoa bilatu dute gure artean, beren ezaugarri propioak indartuz. Azken finean, David Lynchek esaten zuen bezala «irudi pobre bat daukazunean amets egiteko espazio handiagoa aurkitzen duzu».


Internetek ematen dituen aukerak

Gaur egun gauzak aldatu egin dira ikus entzunezkoentzat, eta onerako gainera. Alde batetik filmen produkzio eta postprodukziorako teknologia berriak edonorentzat eskuragarri bihurtu direlako, eta bestetik zinemaldiek etxeko egileei beren lanak erakusteko ateak ireki dizkietelako.

Gainera sareak aukera berriak eskaini ditu: blogak, podcastingak, videocastingak... Sorkuntza esku gutxitan egotetik edonork testu edo bideo bat egin eta segundo batzuetan munduko edozein txokotara bidali ahal izatera pasa gara.

Aldaketa horiei esker, laburrek Interneten aurkitu dute beren tokia: pisu eta denbora gutxiko lanak direnez errazagoa da deskargatu eta eskegitzea, eta proiekzio handia daukate. Sareak ematen dituen aukerak aprobetxatuz, sorkuntza berpiztu eta egileen motibazioa sustatzeko hainbat lehiaketa agertu dira. Beraz, inoiz baino errazagoa da lanak egitea, erakustea eta horretarako motibazioa edukitzea. Hiru elementu horiek uztartzen ditu Nontzeberrik Euskal Herriko ekoizpenak sustatzeko.


Zer du Nontzeberrik?

Nontzeberri kulturaren inguruko aldizkari digitala da. Musika, artea, literatura eta ikus entzunezkoak lantzen dituzte besteak beste. Erabiltzaileek beren lanak jar ditzakete bisitariaren eskura: kantak, argazkiak eta filmak esate baterako. Ikus entzunezkoek garrantzi berezia dute web gunean, bi lehiaketari esker: animazio digitaleko Nontzeflash eta benetazko irudiz osatutako lanen Nontzefilm. Parte hartzea librea, doakoa eta mundu mailakoa da eta parte hartzaile bakoitzak nahi beste lan aurkez ditzake. Horregatik hiru hizkuntzatan aurkituko dugu web gunea: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Nontzeberriko arduradun Lutxo Egiaren ustez «horrelako lehiaketa bat eginez gero nekez mugatu ahal ginen euskarara». Hogeita hamar herrialde baino gehiagotatik jasotzen dituzte lanak eta beharrezkoa zen gutxienez beste bi hizkuntza sartzea. Bide batez, «euskara prestigiatzeko modu bat izan da», mundura euskaratik egin baitute salto.

Nontzefilmen irudi errealez eginiko film laburrek parte har dezakete. Lehiaketaren egitura nahiko finkatua dagoen seinale, aurten Euskal Herriko Unibertsitateko film onena saria izan da nobedade bakarra. Unibertsitatearekin akordio batera iritsi dira eta «eurek ere ahalegina egin dute Nontzefilmen sari bat jarriz» dio Egiak.

Nontzeflashek berriz, bere laugarren edizioa beteko du aurten eta animazioan eginiko filmak ditu protagonista. Bi kasuetan helburuak mantendu egin dira. «Guretzat garrantzitsuena leiho bat zabaltzea da» Egiaren esanetan.

Nontzefilm eta Nontzeflashera aurkeztu diren lanik onenak FANTen (Bilboko Zinemaldi Fantastikoan) erakutsiko dituzte ondoren. Nontzeberriko pelikulen erakustaldiak hiru urte daramatza jaialdi horretan eta bertako «saiorik arrakastatsuena» dela dio Lutxo Egiak. «Aretoa gainezka egon izan da eta gure lanek oso harrera ona izan dute pantaila handian». Bi lehiaketen arrakasta ikus-entzuleengan eta parte hartzaileen artean antzeman da. Iaz 300 film labur baino gehiago jaso zituzten bi lehiaketen artean: animazioan 173 eta fikzioan 164.


Nola irabazi?

Nontzefilm eta Nontzeflasheko epaimahaia antolatzaileek aukeratutako ikus-entzunezko arloko hiru adituk osatuko dute. Lutxo Egiak aipatu digunez, «normalean ez dugu argitaratzen nortzuk izaten diren», baina aurreko edizioetan Ernesto del Rio Zinebiko zuzendaria eta jaialdi horretako beste langile batzuk izan ziren epaimahaikide. Epaileek film bat saritzeko erabitzen dituzten irizpideen artean orijinaltasuna eta kalitatea daude. Orijinaltasuna garrantzitsua izaten da: «ohituta gaude film asko ikusten eta film batek harritzen zaituenean...». Bigarren irizpideari dagokionez, Egiak iaz epaimahaikideek kalitate tekniko oso onekoa ez zen lan bat saritu zutela azaldu du: «lehiaketa amateurra dela esaten dugunean hori guztia kontutan hartzen dugu».

Filmetatik bizitzea oso zaila den arren lehiaketek sari potoloak lortzeko aukera ematen dute eta diru horrekin beste proiektu bat egin dezakete zinegileek. Horretarako ordea, irabazi egin behar. Hala ere, Egiaren hitzak hartuz, «leiho bat zabaltzea» behintzat lortu du Nontzeberrik. Ez da gutxi.

Zer egin parte hartzeko

Nontzefilm:

Lanek hiru minutu eta erdi iraun behar dute gehienez eta .mov, .mpeg, .avi, .asf edo .wmv formatuan aurkeztu beharko dira. Bestalde, filmaren irudi adierazgarriren bat ere bidali beharko da .jpg artxibo batean. Lanak Nontzefilm-en web gunean eskegi beharko dira 2007ko otsailaren 21a baino lehen. Lehiaketak banatuko dituen sariak honako hauek izango dira:

Nontzefilm Saria film onenari: 2.000 euro
Bigarren saria: 1.000 euro
Hirugarren saria: 900 euro
Euskal Herriko film onena: 900 euro
EHUko film onena: 500 euro
Informazio gehiago www.nontzefilm.com-en.


Nontzeflash:

Lanak SWF formatuan aurkeztuko dira eta artxiboak ezin du 2.5 Mb-koa baino handiagoa izan. Honekin batera laburraren irudi adierazgarriren bat ere igorri behar da .jpg formatuan. Lanak bidaltzeko epea 2007ko otsailaren 28an amaituko da eta Nontzeflash-en web gunean eskegi beharko dira. Lortu daitezkeen sariak honako hauek dira:

Nontzeflash Saria animazio onenari: 2.000 euro
Bigarren saria: 1.000 euro
Hirugarren saria: 900 euro
Euskal Herriko animaziorik onena: 900 euro
Informazio gehiago www.nontzeflash.com-en.