Zenbait kritikariren ustez, harrigarria da Bai mundu berria eta 1984 goraipatzen dituzten askok eta askok Gu ez ezagutzea. Hala da ordea, XX. mendeko literatur lan onenen zerrenda batzuetan aurkitu daitekeen arren. Bestalde, distopiez zerbait esan nahi duenak derrigorrez hartu behar luke kontuan Yevgueni I. Zamiatin errusiarrak 1920an idatzitako eleberri hau. Baliteke hori ez izatea genero honetako lehenengo liburua, baina bai lehenengo liburu bikaina, eta ondoko askoren eredua. 1984k, batez ere, ageri-agerikoa du Guren eragina, eta Orwellek berak ez zuen lotsarik Zamiatinen lanarenganako miresmena aitortzeko.
Guk aurkeztu zuen, estreinakoz, ospe handiagoa lortu duten beste distopia batzuek erabilitako egitura. Hala da Bai mundu berria eta 1984ri zein Fahrenheit 451 edo Logan's runeri (Loganen ihesaldia) dagokienez, batzuk aipatzearren. Guzti-guztietan, protagonista koska bat da itxuraz inolako pitzadurarik ez daukan gizarte antolamendu zurrunean. Are gehiago, atal garrantzitsua izaten da boteredunek egoera hori iraunarazteko sortu duten tresnerian. Hasieran, erabat dago sistema horretan txertatuta. Apurka-apurka, haren aurkako bihurtuko da. Aldaketa eragiten duen txinparta, gehien-gehienetan, eleberri hasierako gertakari bat izaten da, gertakari xumea maiz. Azkenean, gure heroiak porrota baizik ez du lortuko estatua en kontra hasitako borrokan.
Gun, sistemaren koska hori D-503 izeneko gizona da. Haren bitartez ezagutuko du irakurleak mundu honetako bizimodu latza. Saretak beti altxatuta eduki behar dira, zaindariek une oro jakin dezaten zertan ari diren herritarrak; sexua aurrez programatuta dago; lan-baldintzak esklabutzaren parekoak dira; «ni»-a ezabatuta dago, «gu»-aren mesedetan... D-503, noski, zoriontsu bizi da mundu horretan, ikuspegia aldaraziko dion emakume ilun bat ezagutu arte.