Distopiak: Idazleek aurreikusi ziguten etorkizun iluna


2007ko otsailaren 18an
Aurten 75 urte beteko dira Aldous Huxleyren Bai mundu berria argitaratu zela. Ia kritikari guztien esanetan, eleberri hori da, George Orwellen 1984rekin batera, distopia generoaren gailurra. Distopiez hitz egiteko, baina, hobe da lehenik utopiaz aritzea. Thomas More idazleak sortu zuen hitza, 1516an izen bereko nobela argitaratu zuenean. Generoa, beraz, Morek bataiatu zuen, baina asmoa lehenagokoa da. Platonen Errepublikak, esaterako, gizarte idealaren antolakuntzaz dihardu. Ildo beretik doa Utopia, baina aldi berean bere garaiko gizartearen kritika egiteko baliatu zuen Morek. Utopia hitzak «inon ez» esan nahi du. Egia bada izenean dagoela izanaren funtsa, hasieratik esaten digute utopia lortu ezineko helburua dela. Baina behintzat, bere garaikideek eredutzat balia zezaten nahi zuen Morek, inguruan ikusten zituen bidegabekeriak zuzentzeko.

Hortaz, asmo bertsuak aurkitu daitezke utopien zein distopien muinean. Distopiaren bat idazten dutenen nahia, Morerena bezala, beren gizarteak kritikatzea da. Zehatzago esateko, okerreko bidetik goazela aldarrikatzea. Eta horretarako, okerreko bide horretatik nora heldu gintezkeen erakusten digute. Laudorio gehien jaso dituzten distopia ontzaileek ez dituzte sekulako irudimen ariketak egin fantasiazko etorkizunak asmatzeko. Haien etorkizunak, egia esan, orainaz beteta zeuden. Orwellek berak, 1984rentzat izenburu bat aukeratzeko, liburua amaitu zuen urtearen (1948) azken zenbaki biak lekuz aldatu besterik ez zuen egin.

Nork egingo lioke uko etorkizunaz ari den eta gainera arrakasta eduki duen liburu batek zertan asmatu duen -eta zertan ez- aztertzeari? Tentazioa politegia da, eta Aldous Huxleyk berak hala onartu zuen, Bai mundu berriaren argitalpen berantiar baten hitzaurrean: «Etorkizunari buruzko literatur lan batek modu bakarrean beregana dezake gure arreta: bertan iragarritakoa noizbait bete daitekeela eman behar du».

Denbora nahikoa igaroa zela iritzi bezain laster dozenaka -edo ehunka- kritikarik, profesional edo zale hutsek, euren gizarteen azterketa egiteari ekin zioten, ea distopia ezagunenetan emandako iragarpenen zantzurik atzeman zezaketen. Zalantzarik gabe, 1984 izan da arreta handienaren merezient, Orwellek urtea eta guzti esan zigun. Autoreari esker, 1984ak izugarrizko ospe txarra erdietsi zuen, hasi baino lehenago ere. «1984 ez delako 1984 bezalakoa izango», zioen informatika enpresa baten publizitateak garai hartan. Zorioneko urtea hasi bezain laster, ganorazko egunkari eta aldizkari guztiek erreportaje zabal eta sakonak argitaratu zituzten, Zer bete da? eta jite bereko izenburuekin.


Zer bete da?

1984 irakurri edo ez, gutako gehienok ondo gogoratzen dugu haren argudioetako bat: Anaia Handia guri begira dago, nonahi, noiznahi. Neuronak gehiegi astindu gabe konturatu gaitezke hala dela. Ez da Orwellen meritu handiena horretan asmatzea, eleberria idatzi zuenerako ere hala baitzen. Gaur egungo Anaia Handiak, hori bai, Orwellenak baino begi gehiago ditu, eta txip gehiago. Herritarren mugimenduak adi-adi batzen dituzten zaintza-kamerak izozmendiaren tontorra dira. Azpian, gure datuak gordetzen dituzten baseak daude, egunero milioika elkarrizketa entzun eta aztertzen dituzten tramankulu, satelite eta abarren ondoan.

1984 eleberrian, telebista da estatuak darabilen behaketa-tresna. Norabide biko telebista. Alde batetik, herritarrek Anaia Handia etengabe goraipatzen duten saioez «goza» dezakete; bestetik, Anaia Handiak gozatzenago du, herritarrei begira. Heterodoxia izpirik txikiena berehala antzemango litzateke pantailaren beste aldetik. Baina gaurko telebistak 1984koak baino botere handiagoa daukala erakutsi du, ez baitauka norabide biko fluxuaren beharrik. Bakarra nahikoa du, herritarren pentsamoldea nahieran taxutzeko. Halaxe gogorarazi digu Eduardo Angulo EHUko biologia irakasleak. Angulo distopiazale amorratua da, eta haiei buruzko hainbat jardunaldi antolatu du unibertsitatean.


Gerra Hotzetik Gaizkiaren Ardatzera

Eleberriaren beste alderdi batzuk, ezezagunagoak izanagatik, interesgarriagoak dira. Batetik, blokeak. 1984n, mundua hiru estatu erraldoitan banatuta dago. Hirurak ari dira elkarren aurkako gerra amaiezinean; hain dira indartsuak, ezinezkoa baita batak bestea garaitzea. Horretan mahuka zuten 1984ko analistek: AEB eta SSSB, NATO eta Varsoviako Ituna, zein baino zein aurrez aurre, gerra betean ez bada ere, bai behintzat gerra hotzean. Bloke biek beren burua prestatzen zuten alegiazko borroka baterako, nor bere ganbaran gero eta arma gehiago eta suntsigarriagoak gordetzen, infinituraino. Antzekotasunak agerikoak ziren oso.

Baina hara non Gerra Hotza amaitu egin zen, eta harrezkeroztik bloke garaileak etsai berrien bila abiatu behar izan duen. Asmatuz, hartarako beharra egon denean. Eta horrek 1984ko beste alderdi interesgarri batera garamatza. Anaia Handiak, eta beste blokeetan dituen baliokideek, gerra behar dute, baina ez etsaia menperatzeko asmoa dutelako, kanpokoarekiko gerrak beren estatuetako biztanleak zapaltzea ahalbidetzen dielako. Batetik, etsaiarenganako gorrotoak norberarenganako opresioa ahazten laguntzen duelako. Bestetik, inor oposizio politikoa egitera ausartuko balitz etsaiaren lagun izatea leporatuko lioketelako.

Zertan dauka antza egoera horrek 2007ko honekin? Bada, 1984ko protagonistek ez dutela sekula etsaia ikusi, gerra ez dago euren etxean, oso urrun baizik. Egia esan, ez daukate frogarik benetan gerra bat dagoela esateko, noizean behin buru gainera erortzen zaien bonbaren bat edo beste ez bada. Etsaia dagoela esan diete, egunero ikusten dute telebistaz, baina ez dute sekula ukitu. Irudimen ariketa bat eginez, etsai horri Gaizkiaren Ardatza deitu geniezaioke. Fikzioan ala fikziotik kanpo, Anaia Handiak aurkariak behar ditu, botereari eutsiko badio.


Boterearen neurriko hizkuntza berria

Orwellen lumak sortutako estatutzarrean, edozein matxinada gogo hutsezkoa da. Estatuaren tresneria ahalguztidunak jaio baino lehen itotzen du edozein ekintza. Anaia Handiarenganako atxikimendua erabatekoa ez dela susmatu bezain laster -haren irudi baten aurrean behar adinako poza adierazten ez bada, berbarako-, susmagarriak Pentsaeraren Poliziaren bisita jasoko du. Handik laburrera, ez da gehiago existituko.

Baina polizia ez da 1984ko boteredunek herritarren gogoetak estu hartzeko daukaten tresna bakarra, ezta garrantzitsuena ere. Estatua, apurka-apurka, hizkuntza berria ezarriz doa, protagonisten jatorriko ingelesa ordezka dezan: Newspeak (hizkuntzaberri). Hitzak lehengo berak dira, edo lehengoen aldaerak gehienez. Baina hitz kopurua gero eta txikiagoa da, eta adieraz dezaketen kontzeptu kopurua gero eta murritzagoa. Denboraz, newspeaka erabat onduta dagoenean, ideologia ofizialarekin bat egiten duten ideiak besterik ezin izango dira adierazi.

Analista batek baino gehiagok nabaritu du Orwellek asmatu egin zuela boterea hizkuntza bere mesedera makurtzen saiatuko zela esatean, baina erabat erratu zela horretarako aukeratutako bideari dagokionez. www.genaltruista.com web gunean aurkitu dugun George Steinerren artikuluak dioenez, «hizkuntza-ekonomia axioma hori dateke Orwellen aurreikuspenetan guztiz zuzena ez den gauza bakarra. Gaur egungo newspeakak hitz-inflazioa dauka oinarri: inteligentzia zerbitzuetan, hilketari 'kalte handidun aldentzea' esaten zaio. Baina asmoa bera da: pentsaerazko herexia ezabatzeko, hura adieraz lezakeen hizkera nahaspilatzea». Orwellen newspeakean, hitz batek esanahi bat baino gehiago edukitzea kaltegarritzat jotzen da. XXI. mendekoan, zenbat eta esanahi gehiago hobe; azkenerako inork ez du jakingo zer esan nahi duten. Zabaldu edozein egunkari eta ohartu zaitezte zenbat adiera desberdin eduki dezaketen bakea, demokrazia, eskubide... berbek.


Huxley, alfatik deltara

1984rekin batera, Bai mundu berriarenak dira gehien aztertu diren iragarpenak. Akaso, Huxleyren mundua Orwellena baino are ikaragarriagoa delako, axaleko begirada batek gozoagoa dela pentsaraz diezagukeen arren. Edo horrexegatik, hain justu. 1984ko estatuak opresioa darabil bere biztanleak mendean hartzeko. Bai mundu berrian, boteredunek askoz gauza zailagoa lortu dute: herritar guztiak zoriontsuak dira, egokitu zaien bizimodua maitatzeko programatuta daudelako. Eta «egokitu» diogunean, zozketa batez arituko bagina bezala diogu, halaxe banatzen baita zoria Huxleyren mundu berrian: pertsona guztiak prozesu artifizial baten ondorioz sortuak dira. «Haurdunaldi» horrek dirauen bitartean, umekiek tratamendu desberdinak jasango dituzte, edukiko duten zereginaren araberako ezaugarriak izan ditzaten. Hala, bost mailako antolamendu sozi-handikoak, gainerakoak zuzentzeko sortuak. Piramidean behera egin ahala, adimena urrituz doa, eta lan gogorretarako gaitasuna handituz. Gizartearen hondoan, delta mailakoek egiten dituzte lanik higuingarrienak.

Ikaragarriena, Bai mundu berrian, ez da antolamendu hori, hari eusteko erabiltzen den sistema baizik. Ez norabide biko telebistarik, ez Pentsaeraren Poliziarik: herritar guztiak zoriontsuak dira, maite dute beren bizitza. Txikitatik, eta hipnosi bidez, hala irakatsi diete; beta mailakoek ez dute alfa mailakoen bekaitzik, gamma batek ez luke inola ere beta izan nahi.

Badaezpada hipnosia nahikoa ez den -eta hau da, beharbada, Huxleyk hobekien aurreikusi zuena- zoriontasuna egunero elikatzen da. Sexu-harremanak gaitzetsi ordez -hala gertatzen da gaiaz diharduten distopia gehienetan-, estatuak bultzatu egiten ditu. Hori bai, debekatuta daude, alfa mailan behinik behin, bikote iraunkorrak. Sexua eta gero, lelo zaharrean bezala, droga. Aldiro, herritar guztiek jasotzen dute beren soma dosia. Drogaren gauza on guztiak ditu somak, baina txarrik bat ere ez. Zoriontasunaren hirugarren zutabea ez da rock and rola, neurrigabeko kontsumismoa baizik. Kontsumitzea herritarren betebeharra da.

Mundu berriak ez du errepresiorik behar. Nahikoa da eduki lezakeen bizimodurik onena daukala sinetsaraztea jendeari, eta jostagarriak ematea, gehiegi pentsa ez dezan. Huxleyk urruneko garai batean kokatu zuen etorkizun hori, baina hark esandako batzuk iritsi dira. Kontsumismoa, gogoaren atsegin-bideak baztertu eta gorputzarenak soilik goratzea… Bai mundu ezaguna!


Beste iragarpen aipagarri batzuk

Distopien unibertsoa, zorionez, ez da liburu bik osa lezaketena bezain murritza. Hamaika lan bikain eman ditu generoak. Ray Bradburyk, esaterako, reality showek liluratutako gizartea aurkeztu zigun Fahrenheit 451 bikainean, noiz eta 1953an. A clockwork orange (La naranja mecánica, L' orange mécanique) Anthony Burgessen eleberri ospetsuan eta hartan oinarrituta Stanley Kubricek zuzendutako pelikulan, bortizkeria bizi-ardatz bihurtu duen gazteria agertzen zaigu. «Film hori ikusita, berehala datorkit gogora gaurko gazte askoren jarrera», dio Eduardo Angulok. EHUko irakasleak beste alderdi bat ere ekarri digu gogora, soziologiarekin baino paisaiarekin zerikusia duena: «Phillip K. Dick idazlearen Do the androids dream with electric sheep? (Ardi elektrikoekin amets egiten al dute androideek?) nobela laburrak -hura izan zen Blade runner pelikularen hazia- 2019 urtean kokatzen ditu bertan gertatzen direnak. Oraindik ez gara horraino heldu, baina dagoeneko munduko hiri handi batzuek badute pelikulako itxura bera. Ilunak, jendez gainezka…».

Zenbait distopia aipagarri
- Make room!, make room! (Egin leku!, egin leku!): Izenburu horrekin argitaratu zen, 1968an, Harry Harrison eleberria. Bost urte geroago, zinemara eraman zuten Soylent Green izenez, Charlton Heston eta guzti. Distopia batek baino gehiagok izan du gainpopulatzea oinarri, baina gutxik emango zuten honek bezain erretratu gordina. Janari nahikorik ez eta, mundu beteegi bateko biztanle gehienek Soylent Green izeneko pilulak dituzte elikagai ia bakarra. Estatuak, behartzen ez baditu ere, konbentzitu egiten ditu zaharrenak beren buruaz beste egiteko, hartarako propio atondutako etxeetan. Manifestazioak sakabanatzeko, jendea harrapatzen duten induskagailu moduko batzuk erabiltzen dira; hala hartutakoak desagertu egiten dira betiko, non eta buru-hilketa egoitzetan. Azkenean, protagonista konturatu egingo da bertan hildakoen gorpuez egiten direla Soylent Green direlakoak.

- The penultimate truth (Azkenaurreko egia): Phillip K. Dick zientzia-fikzio maisuak 1964an idatzitako liburua. Etorkizun hurbilean, Hirugarren Mundu Gerra planeta gaixo hau suntsitzen ari da. Lurraren azala birusak eta erradioaktibitateak jota dago, eta ezin da dagoeneko inor bizi bertan. Hala uste dute behinik behin munduko biztanle gehienek. Lur azpian ezkutatuta daudela, aldiro-aldiro albistegiek esaten dietena besterik ez dakite kanpokoaz. Gezurra da ordea. Gerra aspaldi amaitu zen, eta Lurra paradisu berdea da. Jakina, zenbat eta biztanle gutxiago, paradisuago paradisua.

- Limbo (Linboa): Bernard Wolfe hainbat gauzarengatik da aipagarria. Batetik, Trotskyren bizkartzaina izan zen. Bestetik, nobela bikain hau eman zuen argitara 1952an. Gerra atomikoa amaitu da, eta gizakiek ez dituzte, antza denez, lehengo hutsak errepikatu nahi. Herrialdeen arteko liskarrak beren onetik ateratako Joko Olinpiko moduko batzuen bitartez konpontzen dira; «erlijio» berria vol amp da, alegia, norberaren borondatez hanka-besoak moztea. Horren arabera neurtzen da pertsona baten ospea, horren arabera ezartzen gizarte mailak. Zenbat eta adar gehiago moztu, orduan eta gorago.

Guk zabaldu zuen bidea
Zenbait kritikariren ustez, harrigarria da Bai mundu berria eta 1984 goraipatzen dituzten askok eta askok Gu ez ezagutzea. Hala da ordea, XX. mendeko literatur lan onenen zerrenda batzuetan aurkitu daitekeen arren. Bestalde, distopiez zerbait esan nahi duenak derrigorrez hartu behar luke kontuan Yevgueni I. Zamiatin errusiarrak 1920an idatzitako eleberri hau. Baliteke hori ez izatea genero honetako lehenengo liburua, baina bai lehenengo liburu bikaina, eta ondoko askoren eredua. 1984k, batez ere, ageri-agerikoa du Guren eragina, eta Orwellek berak ez zuen lotsarik Zamiatinen lanarenganako miresmena aitortzeko.

Guk aurkeztu zuen, estreinakoz, ospe handiagoa lortu duten beste distopia batzuek erabilitako egitura. Hala da Bai mundu berria eta 1984ri zein Fahrenheit 451 edo Logan's runeri (Loganen ihesaldia) dagokienez, batzuk aipatzearren. Guzti-guztietan, protagonista koska bat da itxuraz inolako pitzadurarik ez daukan gizarte antolamendu zurrunean. Are gehiago, atal garrantzitsua izaten da boteredunek egoera hori iraunarazteko sortu duten tresnerian. Hasieran, erabat dago sistema horretan txertatuta. Apurka-apurka, haren aurkako bihurtuko da. Aldaketa eragiten duen txinparta, gehien-gehienetan, eleberri hasierako gertakari bat izaten da, gertakari xumea maiz. Azkenean, gure heroiak porrota baizik ez du lortuko estatua en kontra hasitako borrokan.

Gun, sistemaren koska hori D-503 izeneko gizona da. Haren bitartez ezagutuko du irakurleak mundu honetako bizimodu latza. Saretak beti altxatuta eduki behar dira, zaindariek une oro jakin dezaten zertan ari diren herritarrak; sexua aurrez programatuta dago; lan-baldintzak esklabutzaren parekoak dira; «ni»-a ezabatuta dago, «gu»-aren mesedetan... D-503, noski, zoriontsu bizi da mundu horretan, ikuspegia aldaraziko dion emakume ilun bat ezagutu arte.

Gaurko distopia eta ukroniak
Distopia edo utopiaren aurkakoak etorkizunaz mintzatzen dira, baina erroak orainean dauzkate. Era honetako lan bakoitza egileak bere gizartean eta bere garaian antzeman dituen egoeretan oinarritzen da. XXI. mende hasierako idazleak ez dira salbuespena; eurek ere gaur egungo kezkak dituzte idazgai. Hala, petrolioa guztiz agortu den mundu batera garamatzate, edo emigrazioaren kariaz lehengo oreka guztiz hautsi den batera. Juanjo Aroz bilbotar argitaratzaileak hainbat izen erabiltzen ditu honelako liburuak definitzeko: politika-fikzioa, fikzio espekulatiboa, zientzia-fikzio hurbila... «Hots, inguruan dauzkagun gauzetatik abiatuta hamar edo hamabost urte barruko egoera irudikatzea. Eta zeintzuk dira gaur egun gauza horiek? Bada, informatika, genetika, globalizazioa, petrolio falta... Edo, esaterako, zer gertatuko litzateke Front National balego Frantziako Gobernuan?». Generoaren beste adar bat ukroniak dira; oraina etorkizunean proiektatu beharrean, iragana orainean proiektatzen dute. «Zer gertatuko zatekeen, adibidez, Espainiako Errepublikak iraun bazuen?».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-10 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
"Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean"

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


Eguneraketa berriak daude