argia.eus
INPRIMATU
Aspaldiko
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Partez berri batek poztu du gure ingurua. Baigorriko Filipe kanpoan ikusteko aukeran gara. Hilaren hamalauan utziko du presondegia hemeretzi urte pasa igaro ondoren. Dagoeneko lagunak ongi etorri beroa ari zaizkio prestatzen konfinatu deserrian, Beziersen antolatu bazkaria aitzaki. Eta niri buruak aspaldiko garaira eraman nau, Parisera hamabostero egiten nuenekora. Dozena erdi bat aldiz topatu nuen Bidart jauna Baionako geltokian hartzen zuen gaueko trenean. Inoiz, Itxaro Borda ere, hau lanera zihoala ikusteko aukera izan nuen. Bidaia kuxetan etzanda egin ondoan, lotan esatea gehiegi litzatekeenez, Austerlitzeko ondoko braserian gosaltzen genuen elkarrekin. Ez nuen inoiz Filipen aita triste ikusi. Are, beti harritzen ninduen bere umoreak. Urteak joan urteak jin, ezin izan dio joateari utzi, hirurogei urteko zurgin sasoitsua laurogei urteko agure erretretatua bilakatua jada. Ez du, kanpotik begiratuta noski, bere umorea galdu eta kantatzeko grina. Izan ere, semearen aldeko bazkarietan erakutsi izan digu bere tenor ahotsaren azkartasuna eta kantatzeko sena. Ez dut dudarik egiten Beziersekoan ere, entzuteko aukera emanen digula, hemendik goiti Parisera nahi duelarik eta ez bortxatuta joan ahalko dena.