Arraina jateak osasunarentzat dakartzan mesedeak aspalditik dira ezagunak, hainbat ikerketak argi eta garbi frogatzen duen bezala. Arrainek proteina asko dituzte eta lehengai horiek funtsezkoak dira gure hezurren osaketarako, beste hainbat eginkizun betetzeaz gain. Baina ez dira proteinak bakarrik. Gaur egun balio handia ematen baitzaie arrainetan aurkitzen ditugun omega 3 izeneko gantz-azidoei, bihotzeko gaitzen kontra egin dezaketen mesedeagatik.
Azken urteotan, ordea, itsasoak gero eta kutsatuago daudenez, produktu kimiko ugari aurkitu dira kontsumitzen ditugun arrainetan -merkurioa, dioxinak....- eta horrek kezka sorrarazi du zenbait aditurengan. 2004. urtean Elikagaien Segurtasunerako Europako Batzordeak kezka hori plazaratu zuen, batik bat bularreko haurrengatik arduratuta, metil merkurioak haur jaioberrien garapen neuronala kaltetu dezakeelako.
Horregatik guztiagatik Harvard-eko Osasun Publikoko Eskolan ari den ikertzaile-talde batek arraina jateak osasunarentzat dakartzan mesedeei eta sor ditzakeen kalteei buruzko ikerketa zientifiko guztiak -edo gehienak bederen- berrikusi ditu. Orain aste batzuk argitaratu dituzte azterketa horren emaitzak Ameriketako Elkarte Medikoaren aldizkarian.
Adituek diotenez, kutsatzaile posibleen arriskuak onartuta ere, arraina kontsumitzeak dakartzan mesedea askoz ere handiagoa da arrisku potentziala baino. Arraina astean behin edo bitan jateak, batez ere omega 3 gantz-azido asko duten arrainak -izokina edo antxoa esate baterako- % 36 gutxitzen du heriotza koronario arriskua, eta % 17 heriotza-arriskua orohar. Arrainean dagoen merkurioaren albo-ondorioak jasateko arriskurik gehien dutenentzat -haurdun dauden emakumeentzat eta haur jaioberrientzat bereziki-, astean pare bat aldiz izokina bezalako arrainak jatea gomendatzen dute, arrain horiek haurren garunaren garapenean dituen eragin mesedegarriak aprobetxatzeko; eta hegaluze kontsumoa murriztea merkurio gehiago izan ohi duelako.