argia.eus
INPRIMATU
Zekaleria
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 19a
Zikirio-otasa beltzez hasi nintzen aurreagokoan eta ezin buka! Añoia, añigua, añoa, añu izenek atentzioa eman zidaten, eta hari horri tiraka nator.

Ainoa zikirioaren eta beste laboreen gaitza da, ludoia eta erdoia bezala ere jaso izan dena -'Arbiari nabotua jakona da gariarentzat ludoea, artoarentzat artaputza, liñagorrarentzat larrazpia'-. Gazteleraz niebla, nublo eta anublo eta frantsesez nieble eta brouillard deitzen zaio. Behe-lainoak ekarritako hezetasunak elikatzen duen ontto bat da gaitzaren iturri. Garbi da bai, Azkuek «lainho» jasotzen du 'aiño'-ren sinonimo. Lainoak ekarritako gaitzak soroa lainotu egiten du.

Garai batean zikirioa bera, iraka edo belar txartzat zuten gari eta garagar soroetan. Hortik ote datorkio añoa izena? Kaltetik, alegia? Zikirioa beste uzten ainoa. Eta zikirio uztarena? Zekale-ainoa edo zikirio-ainoa! Zer da ba zikirio-ainoa? Zerk lainotzen du zikirioa?

K.a. 600. urtean asiriarrek ba omen zuten zikirio-ainoaren berri. Zikirioaren galburua erasotzen duen ontto bat da aino hau (claviceps purpurea). Gero otasa beltzean nahasian dator eta jaten duenak, asko uste gabe, sekula ez ahazteko moduko bide-zidorrari ekingo dio, zekaleria edo ergotismoaren zidorra. Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoek zidor hau honelakoa dela diote: 'arazo neuro-psikiatrikoak, haluzinazioak, zorabioak, iñurridurak, mugimendu kontrolaezinak eta tetanosaren antzeko konbultsioak izaten dira. Kasu larrietan, iskemia zeinu larriak agertzen dira, gorputz-adarretako basoen uzkurtze sistemikoaren ondorioz; horrek gangrena ere ekar dezake (San Antonioren sua)'. Izurri beltzak adina ez, baina otasa jaleen artean sarraski ederrak eragin ditu zikirio-ainoak milaka urtetan. Inguruan ezagutzen den azken razzia Frantziako Pont Saint Esprit herrian gertatu zen 1951n.