argia.eus
INPRIMATU
Otordu arinak egiten ikastea komeni
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 19a
Mendebaldekook ikaragarrizko eskaintza daukagu janari-edarietan. Baina, aldi berean, gure eguneroko jan-neurrian gero eta kaloria gutxiago behar ditugu gure bizimodua asko aldatu delako -jarduera fisiko gutxiago, ohitura sedentarioagoak, erosotasuna...-. Denetik jan behar da baina ahoratzen dugun energia mugatzea komeni da, obesitatean ez erortzeko. Horixe da «light» esaten zaien janariek arrakasta izatearen arrazoi nagusia.

Printzipioz, filosofia egokia da: koipe eta azukretan urriagoak diren elikagaiez osatutako jan-neurria egitea. Baina horretarako ez ditugu zertan "light" produktuak kontsumitu. Bestalde, produktu horiek garestiagoak izan ohi dira eta neurririk gabe har ditzakegu. Horrek kontrako eragina ekar dezake: produktua «light» izan arren, gehiegi kontsumituz gero energiaren ekarpena normaletik gora igo daitekeelako. Hona hemen aholku batzuk, otordu arinagoak egiteko:

- Saihestu aurrez prestatutako saltsak eta ongarriak. Joka ezazu irudimen pixka batekin, funtsezko osagaiak baliatuz (olioa, ozpina...). Zaindu olioen kopurua -ahal izanez gero oliba-olioa edo soja-olioa erabili-, eta kontuz irinekin eta osagai kalorikoekin.

- Erabili zereal integralak, eta egunero berdura arrazio bat edo bi sartu zure otorduetan. Astean bizpahiru aldiz lekaleak izan beharko luke plater nagusi.

- Koipe gehiegi ez erabili, eta berdurekin konbinatu: espagetiak perretxikoekin, garbantzuak espinakekin...

- Esnekiak hobe gaingabetuak izatea: esneak, jogurtak eta gazta freskoak kaltzio eta proteina gehiago ekarriko dizute, apenas koiperik gabe.

- Kendu koipea eta azala oilaskoari, arkumeari edo txahalari prestatu aurretik. Aukeratu gantz gutxiago duten haragi-produktuak (urdaiazpiko ondua, solomoa, hegaztikiak) eta haragi zuriak (oilaskoa, indioilarra, untxia), haragi gorrien gainetik.

- Hobetsi arraina, mariskoa edo arrautzak (frijituak ez, ezta patata-tortillan ere), eta kontsumitu astean 4-5 aldiz.

- Baztertu frijituak eta ogi-irinetan edo arrautzetan pasatuak. Hobe janariak plantxan erreta, edo lurrunetan, edo mikrouhin-labean eginda.

- Postre arinak: mazedonia, sagar bizkotxoa, sorbeteak...