«Itsasoan urak handi dire, /murgildu nahi dutenentzat/gure herriko lanak handi dire,/astun dire, gogor dire,/zatiturik gaudenontzat» (Julen Lekuona).
Euskal herritarra bazara eta egun bizi dugun egoera politikoa hauskorra dela iruditzen bazaizu. Uste baldin baduzu ezinbestekoa dela, bakea lortuko bada, euskal herritar guztien eskubideak errespetatzea salbuespenik gabe; elkarrizketan sakontzeko biolentziarik gabeko egoera ezinbestekoa dela. Errespetuaren ideiarekin bat bazatoz; zehazkiago, errespetua Euskal Herriari eta euskal herritarrek erabakitzen dutenari. Zure ekarpena egin nahi baduzu bake prozesuak aurrera egin dezan, zure esparruan, zure eskualdean, lagunekin, lankideekin, bakarrik... Edo besterik gabe zure diru ekarpena egin nahi baduzu. Hamaika aldiz entzun baldin baduzu herritarren parte-hartzea funtsezkoa dela bake prozesua bizkortzeko, baina ez dakizu oso ongi zer egin zenezakeen. Milakabilaka da zure parte hartzea ahalbidetzeko formula. Milakabilaka ariketaren bidez olatua egiteko beste herritar batzuekin batera. Geldiezina izanen den olatua. Atzeraezina izanen den prozesua.