argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 11

Itsas dortoken iparrorratza

Dortokek milaka kilometro egiten dituzte itsasoan zehar arrautzak jartzeko lekura ailegatu ahal izateko. Europako hainbat herritako ikerlariek dortokek nabigatzeko duten sistema aztertu dute eta adierazi dutenez, Lurraren eremu magnetikoa erabiltzen dute gidari gisa.

Saiakuntzan Chelonia Mydas espezieko hainbat dortoken segimendua egin dute. Horretarako aleetako batzuk itsasoaren erdian utzi zituzten arrautzen jarlekuetatik urrun samar eta emaitza interesgarriak eskuratu zituzten. Horien artean itsas korronteen eragina ere neurtu zuten eta horrela ikusi zuten korronte batzuek, batez ere dortoken norabide gurutzatuetatik etortzen zirenek, bere bideetatik ateratzen zituztela dortokak; askotan ehunka kilometrora zegoen hondartzara ailegatzeko milaka kilometro egiten zituztela ohartu ziren. Beraz, alboko korronteen eragina zuzentzeko ez zuten ahalmenik; hau ez da gertatzen txori migratzaileekin, horiek ia etenik gabe joaten baitira bere posizioa zuzentzen.

Badirudi, beraz, dortokek Lurraren eremu magnetikoa neurri handi batean erabiltzen dutela, baina beste hainbat elementurekin osatuz, hala nola, usaimenarekin.
Hori bai, dortokak askatutako lekuan askatu, beti ailegatzen ziren helburura, nahiz eta batzuetan aurkako norantzan aritu.

Saiakuntzak aurten jarraituko du eta horretarako beste espezie batzuk ere erabiliko dira.


Elektronika malgua

Standford eta Kaliforniako unibertsitateetako ikerlari talde batek bide berri bat zabaldu dio egungo elektronikari.

Egun ezagutzen ditugun txipak pieza zurrunak dira, nahiz eta nahi bezain txikiak izan, baina aipatu unibertsitateko ikerlariek trantsistore organikoetan (karbonozkoak) oinarritutako piezak aztertu eta garatu dituzte.

Ez da lehen aldia bide hori ikertzen dena, baina orain arteko emaitzak kaxkarrak izan dira. Aldiz, berriki argitara emandako artikulu batean beldurrik gabe tolestu daitezkeen trantsistoreen berri ematen dute eta beren propietateak tolestu ondoren berdin jarraitzen dutela ziurtatzen dute. Bide honek trantsistoreak orain arte kokatu ezin ziren lekuetan kokatzea ekarriko du, hau da, ingurunearen egitura geometrikoa edozein dela ere, trantsistoreak kokatzerik izango da orain arte ez bezala, beti ere zerbait leuna den bitartean.