Magan kazetariaren odisea: Irlanda zeharkatu gaelikoa erabiliz
Sustatu.com-ek eman digu Irlandako TG4 telebista publikoak egindako erreportaje sortaren berri. Telebista kateak Manchán Magan kazetari gaztea Irlandara bidali zuen baldintza batekin: kosta ahala kosta gaelikoz hitz egingo zuen, beti gaelikoz. Bi gauza egiaztatu nahi zituen TG4 kateak: batetik, erroldan, gaelikoa hitz egiteko gai direla dioten 1,6 milioi irlandarrek egiaz gaelikoz badakiten jakitea eta bestetik, ea ingelesez hitz bakar bat ere egin gabe Irlandan moldatzerik baden. Kazetariak 1.600 kilometro egin ditu Irlandako bazter guztietatik, eta sagar zukua erosten, autoa konpontzeko mekanikoa telefonoz lortzen, diskotekan ligatzen, zakur lasterketetan apustua egiten... saiatu da, gehienetan ezin elkar ulertu eta aurpegi arraro asko. Gaelikoa Europako Batasunean ofizial egin berri dute.
Bideoak kazetariaren web gunean daude (
www.manchan.com) eta youtube-n ere bai.
'Busturialdeko Hitza' bost egunetan
Asteartetik igandera banatu da orain arte Busturialdeko Hitza, baina hemendik aurrera asteartetik larunbatera banatuko da, hau da, astean bost aldiz. Erabakia «Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdeko udal gehienen diru laguntza politikaren» ondorioz hartu dutela jakinarazi du zuzendaritzak. Erabaki hori hartzeaz gain, harpidetza kanpaina abiatu dute. Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzarekin ere erabaki bera har dezakete arrazoi berberengatik.
'Andolin gogoan'
Andolin Eguzkitza idazle eta hizkuntzalariaren omenez argitaratu dute liburua. Itziar Laka eta Beatriz Fernandez EHUko Hizkuntzalaritza irakasleak eta Eguzkitzaren lagunak aritu dira hizkuntzalaritza kontuak jorratzen dituen liburua prestatzen.
Eskola Kontseiluak hizkuntz eredu bakarra eta malgua onartu du
Euskadiko Eskola Kontseiluko Batzorde Iraunkorrak horixe onartu du, aldeko hamasei boto, hiru kontrako eta beste hiru abstentziorekin. ELAk (bi abstentzio eta aurkako boto bat) oraingo ereduen sistema aldatzeko eskatu eta euskalduntzeko erritmo azkarragoen alde egin du. LABeko ordezkariek proposamenaren aurkako botoa eman dute. Besteak beste, gizarte elebidunaren kontzeptuaren ordez «kide eleanitzez osatutako komunitate euskalduna» erabiltzea proposatu dute eta onartu egin zaio. Aldeko botoak CCOO sindikatuak eta gurasoen elkarteetako kideek eman dituzte, besteak beste.