argia.eus
INPRIMATU
Bertso Berriak... Otsaileko eskeari jarriak
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2007ko otsailaren 11

I

Dioste salbe, ongi etorri,
otsaileko eskera
Santa Ageda hilabetea
udaberriko bezpera.


II

Sabin Etxean atea kax-kax
eta bi gizon atera:
ez bi gizon ez, nahastu egin naiz,
bi izen ta gizon bera.


III
Gorputz-arima merezi ditu
bakerantz abiatzeak
ta ez du balio bi dauzkanaren
bentaja baliatzeak.

IV
Ailegatu naiz ez etxerik ta
aterik ez den tokira
ta kopla txarrik ezin kantatu
txapeldunari begira.

V

Otsaila ta gero martxoa...
Hegazti denak kantuan
"erreflexio" horretan segi,
ahal dela ahots bajuan.


VI

Dioste salbe ate honetan
ere irudi bitxia:
larrosa zabal-zabala goian
behean ukabil itxia.


VII

Lasatu eskua, lasatu lasai,
itxia zoko ospela.
Arantzak eta eskuak elkar
itoko dute bestela.


VIII

Beste ate hontan kantatu gabe
koplari hau nora doa?
Ez da etxea, ahotsik gehien
bildu dituen ahoa.


IX

Zeure aurpegia ipintzeko prest
zaplazteko ordainean...
Bestek bidea egin dezaten
zure sokaren gainean.


X

Burnizko ziega hotzen atea
eske koplaren eremu.
Zenbat denboran koplatu behar den
jakin ahalko bagenu!


XI

Santa eskeko kopla-ibiliak
ez al du ezer argitzen?
Emate ez duten tokian inor
ez da eskean aritzen.


XII

Dioste salbe, ongi etorri,
otsaileko eskera
neguan edo udaberrian
eskea beti bezpera.