argia.eus
INPRIMATU
Kulturartekotasunaz berba bi
Txoli Mateos 2021eko uztailaren 19a
Honezkero inor ez da gogoratzen Gabonekin; arrazoi politikoak alde batera utzita, jakina. Hala ere, gero eta polemikoagoak dira gure artean sasoi horretako ospakizunak. Ekologistak eta erosleak, kristauak eta agnostikoak... denak ageri dira kexu. Eta, azkenaldian, beste bat erantsi zaie, zeren eta Gabonak, Mendebaldeko kultura-tradizioan kokatzen diren neurrian, horrenbeste nabarmentzeak kulturen arteko elkarbizitza kaltetzen duelako iritzia zabaltzen hasi baita. Londresen, jakin dudanez, aparteko apaintzeari uko egin diote aurten «kulturartekotasunaren izenean» omen. Erabaki horren nondik norakoak zehatz-mehatz ezagutu beharko lirateke iritzi sustaturik eman ahal izateko, baina, horrelakorik ezean, nik neuk aitortu behar dut harrigarria iruditu zaidala. Gizarte berean bizi diren kulturen arteko harremanak nolakoak izan behar diren ebaztea gai sakon eta konplexua da, inondik inora. Ados. Baina ez deritzot onargarri, kulturartekotasunari men eginez, bertako kulturari lehentasunik eman ezin izateari.

Ez dago kulturaz homogeneo den herrialderik. Ez orain, ez eta iraganean ere. Onar dezagun, beraz, lehenik eta behin, gure artera jende «desberdina» etortzea ez dela tragedia bat. Hala ere, ezberdintasun kulturalaren onarpenaz han-hemenka entzuten denak zer pentsatua eragiten du.

Gaur egun, adibidez, ohikoa da aniztasuna, «berez», aberasgarria dela baieztatzea, eta nik neuk ez dut ulertzen zergatik. Horrek esan gura du zenbat eta homogeneoagoa izan herrialde bat, moralki, edo estetikoki, edo ez dakit zein mailan, are «txarragoa» izango dela? Ez diot zentzu handirik aurkitzen aniztasun kulturalaren ikuspegi idiliko horri. Are gehiago, ezkerreko moldeko jendearengandik etorri ohi dela kontuan hartuta, apur bat zinikoa ere iruditzen zait, gure gizarteak aspalditik duen aniztasun argi bat erlijiozko sinesmenei dagokiena izanik, zalantzagarria delako ezker agnostikoak fede kristauarengana erakusten duen tolerantzia.

Ezberdintasun kulturalak egotea ez da tragedia bat, ez, baina arazo handia izan daiteke, dudarik ez dago. Alde askotatik begiratuta, kontua ez baita diferentziaren onarpen teorikoa, kulturen arteko elkarbizitza arautzea baino. Hortxe dago gakoa. Eta arauketa horretan, nahita nahiez, bertako kulturak nagusitasuna izango du besteen ondoan. Eta saihestezina ez ezik, onargarria ere iruditzen zait. Horrek ez du, inola ere, beste gogoeta garrantzitsurik eragotzi behar; adibidez, nolako lekua eman behar diegun kanpotik etorritako kultura-adierazpenei; edota zein den biderik onena gure gizartean tolerantzia eta abegikortasuna lantzeko «desberdina» denarengana.

Kulturartekotasunari buruzko polemika hori izugarri zailtzen da Euskal Herrira ekarrita, euskaraz, batetik, eta frantsesez eta gaztelaniaz, bestetik, garatutako kulturen arteko harremanak etengabeko eztabaidan daudelako. Askok «bertokoak diren kulturetako bat» menpeko kultura gisa antzematen dute. Hortaz, inmigrazio berriak eragindako kultura-arazoei beste bat gehitu behar zaie. Horrexegatik, Euskararen Kontseiluak, adibidez, kezka azaldu du haur etorkinei eskolatzeko orduan esleitzen zaizkien hizkuntza-ereduak direla eta.

Gizarte-eztabaida sakon batetik etorri beharko da irtenbidea. Hala ere, kulturartekotasunari zor zaion begirunea ezer kaltetu gabe, uste dut eskubide osoz defendatu lezakeela batek euskal kulturari lehentasun osoa eman beharko litzaiokeela gainerako kulturen gainean, dela hizkuntzan, dela ospakizun edo erritualetan.