Juan Antonio Urbeltzek Danzas morris, origen y metáforas liburua kaleratu du Pamielaren babesean. Europako dantza zeremonial asko gizakiak intsektuen aurka mantendu izan duen borrokaren metafora direla dio Urbeltzek lan berrian.
Saioa Olmo, Borja Uriona, Tytty Thusberg eta Aitor Larrañaga Peli artisten obrak bildu ditu Andoaingo Bastero aretoak, Label In & Out izenburupean. Erakusketa modu batean ala bestean euskal herriarekin harremana duten instalazio, margolan, ilustrazio eta jantziek osatzen dute. Otsailaren 17a arte izango da ikusgai.
Monika Etxebarriak eta Fernando Reyk irabazi dute literaturako Nobel Sariak euskaratzeko XX. Jokin Zaitegi beka. 9.000 euroko beka jasoko dute 2006ko Nobel Saridun Orhan Pamuk turkiarraren Kar (Elurra) eleberria euskaratzeko. Itzulpena 2007ko Durangoko Azokarako prest izango da.
Borja Cobeaga zuzendari donostiarraren Eramos pocos film laburra Oscar sarietarako hautatu dute. Film laburren atalean lehiatuko diren gainerako lau lanak Binta y la gran idea (Javier Fesser), Helmer & Son (S. Pilmark / K. Magnusson), The Saviour (P. Templeman / S. Parkyn) eta West Bank Story (Ari Sandel) dira. Oscar sariak otsailaren 25ean banatuko dituzte.
Ainhoa Arteta soprano tolosarrak Valentziako Palau de la Musica auditoriumaren urrezko domina jasoko du martxoaren 3an, Valentziarekin duen harremana dela-eta. Egun horretan Charles Gounod, Claude Debussy, Enrique Granados eta beste hainbat musikagileren ariak interpretatuko ditu Artetak Valentziako auditoriumean, Roger Vignoles pianistarekin batera.