Ute Lemper musikari alemaniarra Bilboko Euskalduna jauregian izango da hilaren 28an, Punishing Kiss bere azken lana aurkezteko. Lemperrek La Mort Subite, Cats, Peter Pan eta Cabaret bezalako ikuskizunetan parte hartu du eta bakarlari gisa, mundu osoko areto ospetsuenetan abestu du.
Aby-Kem taldeak irabazi du Danbaka musika lehiaketako sari nagusia. Talde irabazleak diskoa grabatuko du Shot! estudioan eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak banatuko du. Ikusleen saria Drakes taldeak jaso du.
Potato reage taldeak agur esango digu aurten. Gasteiztarrek duela 23 urte ekin zieten euren ibilbide oparoari eta datozen hilabeteetan azken kontzertuak eskainiko dituzte. Birako aurreneko kontzertua Bartzelonako Apolo aretoan izango da, otsailaren 16an.
Maider Lopez artista donostiarrak irabazi du ABCren VIII. Pintura eta Argazki Saria, Zumaiako Itzurungo hondartzan egindako argazkiarekin. Donostiarraren lana ABCk Arco azokan jarriko duen erakustokian erakutsiko dute, saritutako beste lanekin batera. Saria azoka amaitu ostean jasoko du Maider Lopezek.