argia.eus
INPRIMATU
Inkisizioa
Jakoba Errekondo 2007ko urtarrilaren 28a
Gonapean buila eta zalaparta nahaste-borrastea gehiegitxo eta bere senaren sorotik ateratzeko arriskua sumatu bezain pronto "hau da hau inkisizioa!" garrasika boteaz aginte-zigorra erakusten du noiz edo noiz gure amonak.

Gozoa da etxeko inkisizio errebero hori.

Beste sagardotegi bateko beste kupel batekoa da azken aldian kanpoan daukaguna. Inkisizio erreberoa ez baizik mindua eta mindulina, eta etengabekoa. Kanila itxi arazi eta automobilaren muturrean zilarrez eta txaketaren paparrean urrez daramatzan intsigniak ez garbitzeko agintzen zaionean jabetzen dira kazetariak lehorteaz. Eta bere lanean betelanean inkisizioa tajutzen da. Hortantxe gaude egun hauetan. Eta egunero-garbitu-eziniko intsignien afera glaziazio arteko hondamendi nagusi bihurtzen dute. Beraiena ezkutatuz, egoeraren ulertzeko ezer gutxi balio duen urtegien maila egunero damaigute. Eta hondamendiaren izu izugarriaz predikatzeko soilik igoko dira pulpitutara. Eta bere zurrunbilo zoro horretan zerbait esan behar dute. Eta inork esan ez duen zerbait, eta inork baino lehenago, eta inork baino ozenago... Inkisizioa. Eta gaiaz duten jakintza zirtzila jakinminera bideratu ordez izuari funtsa, oinarria, jarri nahian behingoagatik naturari begiratzen diote, baserrira jiratzen dute begirada eta ez dena sortuko dute. Udaberria aurreratu denaren aitzakiarik gabeko adibide gisa loretan mukuru dagoen larrosa baten argazkia eman du Gipuzkoan tindatzen den egunkari batek. Larrosa ez, negu neguan loratzen den kamelia da argazkian.

Builaka, flashez, kameraz eta izerdi-zurrustaz inprimatzen jarduten da gaur inkisizioa, prentsa zikiratzailea.
Jakoba Errekondo