argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko uztailaren 21a

Rosa Maria Sardak jasoko du Zinegoak jaialdiko Ohorezko Saria

Astelehenean (22) hasi eta larunbatean (27) amaituko da Bilboko Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren laugarren ekitaldia. Aurten film, areto eta egun gehiago izango ditu jaialdiak eta orotara 64 film eskainiko dituzte. Sail ofizialean 13 film luzek, 30 film laburrek eta 12 film dokumentalek hartuko dute parte. Aurten lehen aldiz, Euskal Herriko zinemagileen lanak proiektatuko dituzte sail ofizialean. Off Zinegoak sailak berriz, bederatzi film labur emango ditu. 2007ko jaialdiko Ohorezko Saria Rosa Maria Sarda aktoreak jasoko du. Bestalde, Zinegoak jaialdiak Eloy de la Iglesia zuzendari zarauztarra omenduko du. De la Iglesia iazko martxoan hil zen. Informazio gehiago: www.zinegoak.com.


Euskadiko Artxibo Nazionala 2009an zabalduko dute

Euskadiko Artxibo Historiko Nazionalaren egoitza diseinatzeko eta garatzeko lehiaketa publikoa abian jarri du Eusko Jaurlaritzak. Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko Besga eraikinean egingo dute artxiboa. Eraberritze lanak 2007an hasi eta publikoari 2009an zabaltzea aurreikusi dute. Bost solairuko eraikinak 5.200 metro koadro izango ditu eta Euskal Herriko eta Euskal Herriarekin lotutako dokumentuak jasoko ditu. Hala, artxiboa osatzeko beharrezkoak diren dokumentuak ekartzeko asmoa agertu du Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Artxiboa gauzatzeko proiekturako 24 milioi euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak, eta horietatik 10 eraikina handitu eta birgaitzeko lanetan inbertituko dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak ere hartu dute parte proiektuan.


20. edizioa beteko du Miarritzeko FIPA ikus-entzunezkoen jaialdiak

Miarritzeko Ikus-entzunezko Saioen Nazioarteko FIPA Jaialdiaren 20. edizioa abian da jada. Hilaren 28ra bitartean, gaur egungo arazoak hizpide dituzten lanak izango dira nagusiki ikusgai. Jaialdia Gabriel Range ingelesak Geoge Bush AEBtako presidentearen erailketaz asmatutako Death of a president filmak zabaldu du eta bukatzeko berriz, Flandesen independentzia aldarrikatzen duen Tout ça (ne nous rendra pas la Belgique) lana proiektatuko dute. Film hori RTBF telebistak eman zuen duela aste batzuk eta polemika handia sortu zuen. Lehiaketako sei sail ofizialetan 31 herrialdetako ehun film baino gehiago eskainiko dituzte. Bestalde, jaialdiak Bernard Giraudeau aktore eta zinemagile frantziarra omenduko du aurten. Interneten: www.fipa.tm.fr.


EKEk 81 ekimen sostengatuko ditu.

Orotara 44 elkarteri eskainiko die laguntza Euskal Kultur Erakundeak. Ekintza horiekin bost helburu nagusi lortu nahi ditu erakundeak: ahozko ondarea eta euskal kulturaren heziketa sustatzea, sorkuntzei emandako sostengua emendatzea, hedapena gehiago bultzatzea, bitartekaritza lana sakontzea eta Europako ekialdeko herriekiko trukaketak biderkatzea. Ekintza horien artean aipatzekoa da, Euskal Munduak izeneko erakusketa ibiltaria. Baionan zabalduko dute ekainean. Artelanak, bideoak, abestiak eta beste erakutsiko dituzte bertan.


Afixak: Hormak bete historia (1975-1990).

Izen hori zuen iaz Gasteizko Vital Kutxa Fundazioa aretoan ikusgai izan zen erakusketak. 70eko eta 80ko hamarkadetan alderdi politiko, sindikatu eta gizarte mugimenduek Euskal Herriko paretetan itsatsi zituzten kartelak bildu zituen erakusketak. Orain, kartel horietako batzuk bere web gunean bildu ditu Sancho el Sabio Fundazioak (www.fsancho-sabio.es). Irudiez gain bakoitzari buruzko azalpenak ere aurkituko dituzue bertan.