argia.eus
INPRIMATU
Bestelako biktimak
Juan Mari Arregi 2021eko uztailaren 19a
Dagoeneko 2007an sei langile hil dira gutxienez lan istripuetan Hego Euskal Herrian. 2006. urtean 129 langile hil ziren Euskal Herrian eta 65.807 lan istripu arin eta 537 larri gertatu ziren. Azken hamarkadan, Euskal Herrian, 1.200 langile baino gehiago hil da lan istripuetan. Horiek bestelako biktimak dira. Agidanez, bigarren edo hirugarren mailakoak, euren familiakoek eta sindikatukoek baino (bakoitzak bere aldetik) ez baitituzte babestu. Aste honetan hain justu, 24an, LABek mobilizazioak egin ditu Hego Euskal Herrian Administrazioaren «sentiberatasun eza» salatzeko. Euskal Herriko, Espainiako edo Frantziako administrazioentzako eta elkarte politiko gehienentzako lan istripuetan hildakoak ez dira beren biktimak. Heriotzaren bat eragin duen atentatu politiko bat izaten denean, bizitza hainbeste defendatzen dutela esaten duten haiek eta berehala salatzeko, gaitzesteko, kontzentrazioak egiteko eta manifestatzeko deialdiak egiten dituzten haiek, isildu eta ezkutatu egiten dira lan istripuen aurrean. Honek badu azalpenik. Euren politika neoliberal eta kapitalistekin, haiek dira lan ezegonkortasunaren eta behin-behinekotasunaren, enpresarien prebentzio ezaren eta lan segurtasunean ez inbertitzearen, ikuskapen eraginkor ezaren, esku-hartze judizial ezaren eta abarren arduradunak. Orokorrean, horiek eragiten dituzte hildakoak lanean. Horiek dira bestelako biktimak, abandonatuak, nahiz eta Administrazioak izan, enpresari eta politikoekin batera, arduradun handienak.