argia.eus
INPRIMATU
Berrueta
Joxemari Ostolaza 2007ko urtarrilaren 28a
Lapurdiko auzoa, orain dozena bat urte arto sailek bereziki identifikatzen zutena. Herriko Etxeak, Poulou ustetsua buru zelarik, lurrak bereganatu alokatzaileei beren eskubideak ukatuz -herritarrek ordaindu behar izan dugu amanda noski- eta eremu industriala eratzeko asmoa zutela esan zuen. Fabrika berria ekarri zuten, langileak eta guzti baldintza fiskal berezietan. Herrian lanpostuak sortzeko proiektua zena, deusetan gelditu da. Tailer zenbait ikusi zitezkeen, gauza gutxi. Baina pixkanaka, etxeak dira eraikitzen ari direnak. Eta prezioei erreparatuta, argi da horiek ez direla herritarrek erosteko modukoak, gutxiago bertako gazteek beharko lituzketenak. Garai batean Herriko Etxeak, Poulou handiustearen menpekoa orduan ere, Santa Flor parkean xahutu sosak berdindu nahian edo asmatutako estrategia dirudi, lur horien prezioa ez baita izan ofizialek beren lantokiak ezartzeko neurrikoa. Denak salduta omen dauzkate altxatu aurretik. Hamar mila biztanleko herria nahi omen dute lortu kosta ahala kosta. Berdin dio bertakoek ez baldin badute hor lekurik, ez bizitzeko ez lanerako, Herriko Etxeak bilduko omen ditu etekinak. Eta hala ere, Pouloukumeak izanen dira bozkatuenak datozen hauteskunde munizipaletan. Eta hamar milako biztanlegoa lortuz, auzapeza eta, profesionalak bilakatuko zaizkigu.