argia.eus
INPRIMATU
Baionako Matahari
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2007ko urtarrilaren 28a
Egipto, 1914. Sarajevoko atentatuak Lehen Mundu Gerra leherrarazi zuen unean, Marga Andurain eta bere senar Anduraingo kondea Egipton ziren, plazer bidaian. Margaren bizitza zeharo aldatuko zen une horretatik aurrera.
Jeanne Amélie Marguerite Clérisse 1895ean jaio zen Baionan, familia burges aberats baten baitan. Gaztetatik erakutsi zuen ez zela konforme gizarteak neska dirudun batentzat gordetzen zuen rolarekin eta hamabost urte besterik ez zituela etxetik ihes egin zuen armadako ofizial batekin. Handik hilabete gutxira Anduraingo kondearekin ezkondu zen eta bikoteak, berehala, Mauleko gaztelua utzi eta munduan zehar bidaiatzeari ekin zion.

Mundu Gerraren hastapenetan, El Cairoko afari diplomatiko batean, Margak T.E. Lawrence, Arabiako Lawrence ezaguna topatu zuen eta, aurrerago, honen bitartez, Bertie Clayton, zerbitzu britainiarretako MO-4ko Ekialde Hurbileko burua. Bere lehen misioa Zaglul-Baja Egiptoko nazionalisten buruarekin harremanetan jartzea izan zen, baita lortu ere: handik gutxira atxilotu zuten britainiarrek. Ondoren Er-Riadera bidali zuten, Saudi Arabiako fundatzaile Ibn-Saud emir beldurgarria ingelesen aliatu bihurtzeko asmoz. Ez dakigu Margak norainoko eragina izan zuen emirraren erabakian, baina honek britainiarren alde egingo zuen aurrerantzean.

Gerra amaituta Anduraindarrak Palmirara joan ziren, Siriako desertuan galdutako oasira, eta bertan Zenobia Erregina hotela zabaldu zuten. Egun, hotela zabalik dago eta euskal estiloko altzariak ditu oraindik. Badirudi bakeak ez zuela baionarraren adrenalina gosea itzali eta hotela espioitza gune izan zela: Deuxième Bureau, MO-4 eta GPU sobietarreko agenteak hoteleko bezeroen artean egon ohi zirela diote.

30eko hamarkada hasieran bikotea banatu eta 1932an Marga Ben Suliman beduinoarekin ezkondu zen. Islamera bihurtu eta gizonez jantzita Mekara abiatu zen, hiri sakratuan sartzen zen lehen emakume europarra izateko asmotan. Baina deskubritu egin zuten eta Ibn-Saud emirrari esker salbatu ahal izan zuen bere burua. Handik gutxira Ben Suliman pozoituta hil zen eta 1935ean Marga Anduraingo kondearekin ezkondu zen berriro. Laster kondea hilik agertu zen Palmirako etxean, bainuontzian; hamazazpi labankada eman zizkioten.

Marga Euskal Herrira itzuli zen, Hendaiara eta 36ko Gerran informazioa saldu zien alde guztiei: Jaurlaritzari, errepublikarrei eta frankistei. Arma, droga eta diamante kontrabandoan ere parte hartu zuen. Naziek Lapurdi okupatu zutenean ofizial alemanentzako luxuzko prostituzio etxea zabaldu zuen eta Hitlerrek gerra galduko zuela usaindu zuenean Tangerrera alde egin zuen. 1948ko azaroaren 5ean Margaren gorpua Tangerreko portuan agertu zen. Djeilan ontzian Hans Abele bere amorante eta Gestapoko agente ohiak botila batekin jota hil zuen eta haren gorpua itsasora bota. Heriotzaren unean, Marga «gure garaiko garun kriminal handiena» zen Interpolentzat.


Arrastoak

Bagdadeko museoko bilduma «erregionaliza» dezake aurki Irakeko gobernuak eta berriak alarma piztu du nazioarteko hainbat arkeologoren artean. Horregatik Jalal Talabani presidenteari eta beste agintari batzuei gutuna idatzi diete arkeologo hauek museoko obren sakabanaketa saihestu dezan. Aztarnategien egoeragatik ere euren kezka agertu eta hobeto zaintzeko eskaera egin dute. Saddam Hussein boteretik kendu zutenetik Irakeko ondare historikoa mehatxatuta dago. Ondarearen erantzukizuna berriro ere Kultura Ministerioaren eskuetan egon dadila nahi dute, Turismo Ministerioa egiten ari den kudeaketa kaskarra argudiatuz. 7.000 urteko zibilizazioen arrastoak ondo gordetzea exijitu dute, Afganistanen gertatutakoa ez errepikatzeko. Deigarria da gutun hau ez dutela bilduma mesopotamiko garrantzitsuak dituzten museotako zuzendariek sinatu. Agian, egoera kaotikoa aprobetxatu nahiko dute, garai hartako piezaren bat bide ilunen bitartez eurenganatzeko.

Kontua da gobernuak aurreikusten duen piezen garraioa behar bezala egitea zaila dela. Museoa itxita dago, hormigoizko hormez inguratua, eta 2003an arpilatu zutenetik museoko langileek ez dute inbentariorik osatzea lortu.