argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko urtarrilaren 21

Basoak lehortera egokitzen

2006ak markak hautsi ditu tenperaturari dagokionez eta 2007a antzekoa datorrela dirudi. Euskal Herrian, Hego Europako beste lurraldeetan gertatzen den antzera, udak gero eta lehorragoak izango direla uste dute zientzialariek; euria egiten duenean dezente bota arren, ez da nahikoa izaten geruza freatikoa behar den bezala guritzeko.

Indianako (AEB) unibertsitateko Constance Brown-ek Arizonako eremu erdi idor bateko basoak aztertu ditu. Basoak, koniferoz osaturik gehienbat,. leku menditsuenetan baino ez dira hazten, eremu horietan euri-ura ez baita berehala lurrintzen.
Ikerketaren helburuetako bat fotosintesiaren eta ur-emariaren arteko erlazioa zehaztea izan da eta badirudi konkordantzia zuzena topatu duela hazkundearen eta ur-presentziaren artean; horrela uda partean zuhaitzen metabolismoa ia ez dago. Aldiz, euria eta elurra iristean zuhaitzak hazi eta hazi egiten dira, ura dagoen bitartean.

Portaera hau ez da ematen Europako edo Mediterranioko koniferoekin. Hauek neguan erdi lo egoten dira, udaberrian piztu eta udan hazteko.

Europan eguraldia aldatzen bada hemengo koniferoek Arizonakoen adina moldagarritasunik izango al dute? Badirudi posible dela, baina zenbat urte behar dira horretarako?


Montzoiak eraitsitako zibilizazioak

Nature aldizkarian argitara emandako artikulu baten arabera, garai batean oso indartsu izandako zenbait zibilizazioren -bi bai behintzat- desagertzearen erruduna omen da Asian gertatzen den montzoia. Udan, itsasotik lehorrera haizea sartzean, haize horrek izugarrizko eurite eta ekaitzak sortzen ditu. Neguan, aldiz, aurkakoa gertatzen da, hots, lehorretik itsasorako haize-fluxua sortzean lurrak lehorte latzak izaten ditu sarritan.

Azken 16.000 urteotan montzoiak bereziki bortitzak izan dira hiru boladatan. Azkena gure garaiko 600 eta 900. urteen artekoa. Urte horien artean Txinako Tang dinastiaren eta Maien desagerpena gertatu zen hainbat iraultza eta guden ondoren.

Montzoiek Asiako zenbait lekutan eta Amerika tropikalean sortutako uholde eta lehorteek goseteak ekarri zituzten, gizarte oreka apurtuz.