Hala ere


2007ko urtarrilaren 21an
Ezertan hasi aurretik aurreko ttakunean Angelek azaltzen duen kantuarekiko bekaizgoa baretu nahi nuke Mallarmé handiaren aipu -apokrifo?- batekin. Diotenez, egun batean olerkariari joan zitzaizkion berria ematera: «Maisu, maisu Debussyk musika jarri omen dio zure L'après-midi d'un faune olerkiari». «Pozten naiz -erantzun omen zuen Mallarmék-, baina uste nuen nik neuk jarria niola aurretik». Lasai gera bedi Angel, beraz, bere poesiak baduelako -solfeo jakin beharrik gabe- musika, eta ez kaskarrena, hain zuzen.

* * *

«Hala ere... (Lurdes Iriondoren kantua), hauxe da gaia», jarri zidan Itxarok puntua aspaldi, oso aspaldi -bi aste eternitatea baita tartean bi zerraldo zapartatu mahai gaineratzen dizkigutenean-, eta Angelek galdetzen baitzidan zer asmo nituen urte berrirako, biei erantzutera jarri naiz. Beldur naiz orain arteko ttakun hauetan ibili dugun adar-soinua ez ote den ilunduko.

Bai, Itxaro, Durangon erosi nuen Lurdesen diskoa, eta arras gozatu dut hura entzuten, ez dakit itzali baina joan behintzat egin zaigun urte bukaera honetan. Badute kantu horiek usaimenik eta kolorerik nire oroitzapenean. Azalpen ilunen eta kontu isil-gordeen usaina. Irrati piztu baten inguruan goizaldeko ordu txiki arteko egonaldien zuri-belztasuna. Zuk aipatzen duzun kantua nabil burutik kendu ezinik, Itxaro: «Nabil, eta nabilelako nago hain triste/ ikusirikan denok hain urrun/ gauzak hain ilun/ begiak lauso/ eskuak hain hutsik,/ nabil, eta nabilelako nago hain zikin».

Irakurtzen dudanez, Lurdes Iriondok jarri zion doinua Xabier Leteren hitzari, baina Leteren olerkiak -Mallarmérenak bezala- bazuen lehendik ere musika. Gogoan iltzatzen den horietakoa da nolabait doinu eta guzti. Etsipenaren mugako egoera hori ongi adieraztea zaila da, eta hitz gutxi batzuekin batak eta doinu sotil batekin besteak barruko gihar ezkutuena hunkitzen dutenik ezin ukatu. Badu, dudarik ez da, Iriondoren ahots beroak hunkitze horretan parterik eta esango nuke emakume izateak ere ematen diola kolore berezia.

Ikaragarria da nola aldatzen den abesti batzuen hitzen esanahia gure gogoan, urteak pasatu ahala. Hogeita hamar urte luze ditu kantuak eta seguru nago orduan gure buruetan pizten zen iruditegia, borreroen eta biktimen argazkia, beste era batera ulertzen dugula gaur. Ifrentzua erakutsi ez digunean galtzerdiak... Aldatu ez dena tristura da, eskuak hutsik edukitzearen sentimendua, begi busti beteen umela, eta zikintasunaren sentsazioa. Edo zikinkeria.

Badakizue nola jarraitzen duen kantuak: «Hala ere, gelditu egingo naiz/ hala ere, hau nere lurra da/ hemen dago gure etxe bakarra». Eta nire gogoa ia ahaztuta genituen hainbat herrikideengana joan zait. Auto azpia goizero begiratzen zutenengana, gogoratzen?, herrian bi itzal armatuz paseatzera derrigortuengana. Ez dakit horietarik inork idatziko duen inoiz libururik beren sentimenduak eta arrazoiak erakusteko, baina pentsatzen dut inork inoiz barrurik balu esperientzia horren berri de profundis emateko ez litzatekeela izenburu txarra, eta ez litzatekeela ahapaldirik kaskarrena atarirako. Hala ere.

* * *

Kantuez ari garela, dagoeneko badugu euskal herritarrok idazteko dagoen beste kantu bat. Musika, tamalez, tristea du. Bestek jarria. Konpas bakar, burrunbatsu eta ankerra. Ez dakit nork jarriko dizkion hitzak. Izango ahal du argitasunik musika aldatzeko. Nik badut izenburua: Haur ekuadortar bati sehaska kanta.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude