argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko urtarrilaren 14a

Bioerregaiak: Frantzian ere bidea zabaldu da

Frantziako gobernuak urtarrilaren 1etik aurrera bioerregaien salmenta onartu du. Beraz, lehen ponpak laster ikusiko dira gasolindegietan, batez ere frantziarrek bioetanolarekin ibili daitezkeen autoak erosi ahala.

Bioerregai berriaren izena E85 da eta osagaiak hauexek dira: %85 etanola eta %15 SP95 (95 oktanoko berunik gabeko gasolina). Parisko gobernuak interes berezia du erregai mota berri honen sustapenean eta horregatik ez dio zergarik jarriko hasieran.

E85 erregaiak duen etanola olo eta erremolatxaren hartziduratik sortzen da eta horri berunik gabeko gasolina gehitzen zaio; horregatik automobilak bi erregai motekin ibiltzeko egina izan behar du. Oraingoz automobil ekoizleen artean bik baino ez dituzte ibilgailu aproposak egiten, baina pixkanaka gero eta marka gehiago horretan hastea aurrikusten da; dena den aurten eskaintza urri samarra izango da.

2.007 urtea amaitu baino lehen, Farntzian, erregai berria eskainiko duten 500 edo 600 gasolindegi egotea espero da. Eta hortik aurrera aurrikuspenak ere ez dira nolahalakoak, 2.008an erregai kontsumoaren %5,75 eta 2.010ean %7 izatea lortu nahi baita.

Dena den Frantzia ez da bide horretan abian den lehen estatua, AEBak, Suediak, Alemaniak eta Poloniak jada bide puska bat eginda baitute. Hala ere Brasil da guztien artean aitzindaria, bertako erregai kontsumoan, diesela kanpo, %40koa baita bioetanolarena. Brasilgo bioetanola azukre kainatik lortzen da eta une honetan han ekoizten diren hiru kotxeetatik bi prestatuta daude erregai mota desberdinekin ibiltzeko.


Ingurumena: Saharako hondarrak Amazonia ontzen

Berriki argitara eman den ikerketa baten arabera, Amazoniako baso tropikalak behar duen ongarrietatik erdia Afrikako basamortuetatik dator. Azterketan sateliteetako irudiak erabili dituzte eta antza oso garbi ikusten da arearen jatorria.
Zientzialariek, orain hamar bat urte, garbi samar ikusi zuten baso tropikalean topatutako mineralen kopuru handi baten jatorria Saharako basamortua zela. Baina orain arte ezin izan dute hipotesi hori ziurtatzeko frogarik aurkitu.

Argitara emandako datuen arabera, Amazonian topatutako hautsa Txadeko Bodélé bailarakoa da. Urtero-urtero 50 milioi tona hondar garraiatzen ditu haizeak Afrikatik Amerikara.