argia.eus
INPRIMATU
Erreka bazterrean
Igor Estankona 2021eko uztailaren 19a
Mutikoak, erreka bazterrean eserita, buelta eman eta esan zion:

- Eta zu nondik zatoz?
- Alkibarren krida nago- ihardetsi zion neskatilak.

Hamairu urte izango zituen, gehiago ez, eta krida zegoen Alkibarren. Oinez jarraitu zuten Bildosolako aldats luzean behera, eta amaierara iritsi zirenerako, atzean utzitako erreka-muna eta Arratiako haran guztia eguerdiko lozorroan sartuta zeuden.

Mende bat geroago, Jon Benitok idatzitakoa gogoratu dut eguerdian, autoak errepidean pasatzen entzutean: «Bihurgunetik atera, azeleragailuari eman eta aurrera egiten dute. Ez dakit nora. Baina urruti, presaz. Ez ditut gidariak ezagutuko, izango dute etxeren bat, norbait zain, familia bat inon».
Izango dira hoiek ere kridu nonbaiten. Beharbada hemen bertan, industrialde honetako obretan, ugazaba aurrerapena eta ugazandrea dirua dituztela.

Hementxe galdetu bide zion mutikoak neskatxiari:
- Eta zu nondik zatoz?

Baina lekua itxuraldatuta dago. Laurogeita hamar kilometro orduko. Ezin zaio inori ezer galdetu abiadura horretan doanean errotondara sartzen. Beherantz begiratu dut. Zementuzko zutabe erraldoiaren kontra, han behean, ur korrontearen zarata leunarekin, arratoi batek kaio zikin baten begizuloa miazkatzen du.