argia.eus
INPRIMATU
Opariak
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 19a
Olentzero beranduegi ezagutu genuenontzat, erregeek ekartzen zizkigutenetan etxekoen eskua ikusten genuen errazki, eta adintsuek lanak izaten zituzten haien ilusioa mantentzen. Ez zen kabalgatarik faltako hiriko erdialdean, baina biharamunean amonak egin alkandora koadroduna zapataren gainean ikustean, susmoak pizten ziren eta erregeena ziritzat hartzea zen normalena. Auzora egin eta beti zegoen norbait gu baino haziagoa, hanketako bixarrak belzten hasia adarra jotzen hasteko prest. «Cristianos venid, cristianos llegad...» hura etxez etxe kantari ibiliko ginen, auzoko helduagoek «Birgina maite, lotan dago zure seme laztana...» kalean kantatzen zuten bitartean, Jaiotza-naximentoa gurdiaren gainean zeramatela idi parea uztarrian motore. Ez genuen ikasi data zehatzetan erregaliak trukatzen, nahiz eta behar zenean ingurua laguntzen doktoretzak egin. Behar zena garaiz. Eta ama zenarengandik ikasi genuen ematea hartzea bezain pozgarria zela, edozein zela ere eguna. Urtea luzea izaki eta beharra motz. Urtean behin, denak batera eta erregaliak kotxeka egiten ez dugu ikasi, zer nori oparitu artea bilakatu zaigun honetan. Fundamentoz kantatzea ere urritu zaigu, hori ez baita eurotan erosi litekeena. Eta aurten har nezakeen erregali beroena ez dut izango, presoek ez baitituzte bere etxeetako mahaiak edertuko.