argia.eus
INPRIMATU
Ustez ia desagertutako elgorria berriz agertu da indar handiz
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Azken urteotan ia desagertutzat eman ondoren, berriro ere elgorri-kasuak diagnostikatzen hasi dira medikuak. Aurtengo aurreneko bost hilabeteetan (urtarriletik maiatzera bitartean, alegia) notifikatutako 176 kasuetatik, 133 baieztu dira. Espainian ere gauza bera gertatu da; lozorrotik ernatu da elgorri edo mingorriaren birusa. Carlos III. Osasun Institutuak adierazitako txostenaren arabera Madrilekoa da erasandako pertsona gehien dituen erkidegoa (83 kasu baieztatu dira) eta atzetik Errioxa dator (15 kasu guztira).

Adituen ustez, gaixotasunaren gorakada azaltzeko arrazoien artean, nabarmentzeko modukoa da badela adin-talde bat, 23 urtetik 33ra bitartekoek osatua, txertatu gabe dagoena, eta oso sentibera dena gaitzaren aurrean: gaur egun, 23 urtez azpiko guztiak txertatuta daude, eta hogeita hamarretik gorakoek, berriz, gaitza umetan pasatu zuten. Beraz, aipatutako adin-talde hori geratzen da, gaixotasuna harrapatzeko aukera handi samarrarekin. Kontuan hartu behar da behin pasatu eta gero, elgorriak betiko immunizatua uzten duela pertsona.

Bada beste faktore bat, gaur egun alderdi epidemiologikotik oso kontuan hartzekoa: birusek batetik bestera mugitzeko duten abiadura eta bizkortasuna, mundu osoan dabilen bidaiari-mugimenduagatik. Gainera, anbulategi eta ospitaletako langileen artean ere badira elgorriak jotakoak eta horrek gaixotasuna azkarrago zabaltzea ekarri du.

Sintomak (sukarra, eztula, azaleko gorriune txikiak eta konjuntibitisa) diagnostikoa nahiko erraz egitea ahalbidetzen duten arren, mediku gazteenak ez daude ohituta elgorria ikustera eta zenbaitetan gaixotasuna behar bezain azkar ez antzematea horrek eragin du.