argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko abenduaren 24a

Landareak ere erregai

Joan den hamarkadaren erditik AEBetako Minnesotako unibertsitateko David Tilman ikerlaria eta berak gidatzen duen taldea belarren balioa probatzen ari da erregai gisa erabili ahal izateko. Horretarako nekazal lur txiroetan hainbat landare landatu dituzte.

Gehiegi ustiatutako lurrak agortu egiten dira eta belarretako utzi gehienetan. Zelaiko landareek karbono dioxido asko xurgatzen dute, isurtzen dutena eta ereiteko zein jasotzeko behar dena batuta baino gehiago. Horregatik landare horietan oinarritutako bioerregaien ekoizpena ekologikoki errentagarria izan daiteke.
Egun artoa bioetanol eta soia biodiesel bihur daitezke, baina hainbat ikerlarirentzat ur eta produktu kimiko gehiegi erabili behar dira uzta txukunak lortzeko.

Tilmanen arabera, zelaietan belar-mota desberdinak landatzea komeni da, errendimendua belar-mota bakarra landatuta baino %238 hobea delako.

Science aldizkarian abenduaren hasieran argitara emandako artikuluaren arabera belarrek artoak baino askoz karbono dioxido gehiago xurgatzen dute, sei-hamasei bider gehiago.

Belar-motari dagokionez ikerlariek ez dute zehaztasun gehiegirik eman, baina oso belar arruntekin ari direla lanean azpimarratu dute.


Ozeano Barea bero

Ozeano Pazifikoa satelite batetik ikusita bi kolore ditu, nagusia urdina bada ere, berdeak indarra du. Kolore berdeak klorofilaren presentzia adierazten du eta ondorioz phytoplaktonaren ekoizpena.

Azken bederatzi urteotan AEBetako Oregon State University-ko Michael Behrenfeld-ek zuzendutako ekipoak NASAren OrbView-2 sateliteak lortutako informazioa aztertu dute. Satelite horrek bi egunez behin eskaneatzen du ozeano pazifikoa eta, beraz, mapetako koloreen eboluzioari jarraitzeko aukera izan dute Behrenfeld eta enparauek. Ikerketaren emaitza Nature aldizkarian argitaratu berri dute.

1997 eta 1999 artean, El Niño igaro berria zenean hain zuzen ere, itsasoa hoztu eta phytoplaktonaren ekoizpena hazi egin zen. Aldiz, 2000. urtetik aurrera klimaren berotzea nabarmen azkartu denez phytoplaktonaren ekoizpena txikitu egin da. Ez da azalera guztian berdin gertatu, baina orokorrean balantzea negatiboa da.

Phytoplaktona itsas azalean sortzen da, eguzki-argia eta itsas azpiko korronte hotzek ekarritako elikagaiak behar dituelako. Elikagaiak eta phytoplaktonak biomasa osatzen dute eta biomasa bi eta sei egunen artean kontsumitzen dela uste da.

Horregatik biomasaren aldaketa txiki batek eragin handia izan dezake itsasoko bizidunengan, horretan datza ikerketaren garrantzia.