argia.eus
INPRIMATU
Kantuek
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 19a
Inguratzen ninduten, ordura arte bestela urrunegi nuen mundura. Violeta Parra. Burgosko Epaiketaren ondorena zen. Eta Txileko Moneda Palazioaren aurkako kanoikadek hurbildu ninduten hara, Salvador Allenderen irudia, betaurrekoak, bibotea, kaskoa eta zintzilikatutako metraileta ditut gogoan, eta haren bakardadea artegatasun. Kantagile bat asesinatua eta bere kantu bakarra bilakatu zitzaigun erresistentziaren ikur. Geroztikakoak dira Nerudak idatzitako Los Cachalquisen Muerte y fulgor de Joaquin Murieta obra, zientoka aldiz entzuna eta beste hainbatetan kantatua. Urte gutxira izan nuen aukera txiletar errefuxiatuak ezagutzeko. MIRekoak gehienak eta egiari zor, nahiago ditut kantuak haien eztabaida erosoak baino. Eta hauen artean Xabier Letek Beatriz Allenderi egina aipatu behar: «Nahiko hunan, Beatriz, Txile libre batean, adiskide artean...» hori. Txileko gizartean hitzak nola ez zuen bide egin gure artean, horretarako porrot sozial baten palanka beharrezkoa bailuen, bestela hain ongi egituratuta dagoenak zergatik ez duen kantu afarietako errepertorioan lekurik egin ulertzen ez dudala. Agian, Amandaren oroitzapenezkoak legez, kantatzeko baino entzuteko nahiago dugu. Hedabideen esku gaudenaren froga.