Ihesi: Txokoz txoko lehengo Bilbo ezagutzen


2006ko abenduaren 24an
Beharbada ez duzue sinetsiko baina, Guggenheim eraiki baino lehenago ere, Bilbo existitu egiten zen. Frank Gheryk irudikatutako museoa ei da orain hiriaren ikur nagusia, betikoei (Begoñako basilika, San Mameseko arkua...) gailenduz. Eta Euskalduna jauregia da Guggenheimen bidelagun kutuna, erakunde publikoek turismo arorantz antolatutako bidaia honetan. Egia esan, asko hitz egin eta idatzi da «Bilbo berriaz» . Guk, oraingoan, ontzi itxurako museo baten kariaz bat-batean ederrago diruditen betiko lekuei eskainiko diegu arreta. Hala ere, eta iraganari begira bizitzea leporatu ez diezaguten, azken aldaketen ondorioz agertu diren zenbait txokoren aipamena egingo dugu.

Ofizialki, Bilbok 706 urte ditu. 1300ean hartu zuen hiribildu izendapena, Diego Lopez de Haro orduko Bizkaiko Jaunaren eskutik, baina hiria han zegoen lehenagotik. Ez jakin zehatz noiztik, ordea. Gaurko hiri handiaren lehenbiziko hazia, noski, gaurko Alde Zaharra da. Haren zati bat, hobeto esanda. Ondo bereizi behar dira-eta Erdi Aroko Alde Zaharra eta Alde Zahar modernoa.


Zazpi Kaleak

Hasieran hiria, Erdi Aroko beste asko bezala, hiru kale nagusiz osatuta zegoen, elkarren paraleloak hirurak. XV. mendean beste lau kale erantsi zizkioten lehenbiziko nukleo hari; halaxe sortu ziren Zazpi Kaleak, gaurdaino dirauen izendapena. Baita Alde Zahar osoa izendatzeko ere, dagoeneko.

Zazpi Kaleak, berez, Somera, Artekale, Dendarikale -horiexek hiru zaharrenak-, Belostikale, Carnicería Vieja, Barrenkale eta Barrenkale Barrena dira. Ezagunenetakoak dira kanpotarrentzat, auzoko gau giroak bertako tabernetan daukalako habia hein handi batean. Egunez salerosketa gune aparta dira, baina hori Alde Zahar osoaz esan genezake.


Erribera eta San Anton

Zazpi Kaleek Santiago katedral ederra daukate alde batean eta Erriberako merkatua bestean. Katedrala Bilboko eraikinik zaharrenetakoa da, XIV. mendean eraiki baitzen. Alboan dago izen bereko plaza, 200 urte baino gehiago dauzkan iturri eta guzti. Erriberako merkatua, berriz, 1929an ireki zuten. Diseinuaren eklektikoak eraikin ederra izan du emaitza, barruan saltzen diren arrain eta itsaskiak bezain ederra. Kalearen beste aldean, berriz, Erriberako arkuek adierazten digute antzinako Alde Zaharraren muga.

Erriberako merkatuaren ondo-ondoan San Anton eliza eta San Anton zubia daude. Eliza XIV. mendean eraiki zen, eta bera da, zubiarekin batera, Bilbo zein Athleticen armarrietan ageri dena. Argitu egin behar da, hala ere, armarriotako zubia ez dela gaur egungoa, dagoeneko desagertuta dagoen Erdi Arokoa baizik.


Begoñako basilika Alde Zaharretik ikusgai

Plaza Berria dauka izena, baina Bilboko zaharrena da. Politena ere bai, 64 zutabek osatutako arkupeari esker besteak beste. Terraza batean jesarrita zerbait lasai hartzeko lekurik egokiena da Bilbo osoan. Ez hain lasai, baina bai zeharo gustura, Santo Tomas azokako giroaz goza daiteke bertan urtero abenduaren 21ean. Eta domeketan, bildumagileek benetako harribitxiak topatzeko aukera dute, zigilu, liburu zahar eta bestelako merkatua egiten da eta.

Alde Zahar modernoaren beste txoko ezagun bat Txakur kalea da. Santiago plazatik dauka sarbideetako bat, eta hantxe dago bertako iturri ospetsua. 1800ean berritu zenetik, bilbotarrek Txakur iturria esaten diote, bertan ageri diren irudiak direla eta. Hortik hartu du izena kaleak. Haren beste aldean Alde Zahar osoko lekurik berezienetako bat dago. Txakur kaleak Pilota eta Santa Maria kaleekin bat egiten duen lekuan -azken bi horiek osatzen duten ertzean hain justu- ikur txiki bat dago. Leku zehatz horretan jarriz gero eta norabide egokian begiratuta, Begoñako basilika ikus daiteke; Alde Zaharrean, kantoi horretatik baino ezin da begiz jo basilika.


Gorako bidean

Alde Zaharraren bazter batean, Askao kalearen amaieran, Unamuno plaza dago. Handik abiatzen da Mallonako Galtzada, goranzko malda etengabean. Alde batean eskailerak ditu, bestean aldapa, zein baino zein latzago eta ederrago. Behin gora helduta, XIX. mendeko hilerri zaharraren atea ikus daiteke, eta bertatik bertara, Etxebarria parkea, orain dela mende laurden altzairu galdategia zegoen lekuan. Bera da, beraz, industriatik aisialdirantz Bilbok egindako urratsen lehen adibideetakoa. Omenaldi moduan geratu da, hala ere, galdategiko tximinia bat.

Etxebarria parketik Begoñako basilikara ailegatzeko ez dugu gehiegi ibili behar. Bilbotarren «amatxo» kutunaren etxea eliza gotiko ederra da, baina beste estilo batzuetako elementuak ere baditu. XVI. mendean Ama Birjina agertu ei zen leku berean eraikita dago hiriaren ikono nagusietakoa den basilika.


Artxandako funikularraren gorabeherak

Udaletxe paretik abiatuta ezkerretara, Campo Volantin kalea dugu, Deusturaino ailegatzen den pasealekua. Alde batean itsasadarra dauka, bestean Castaños auzoa. Eta Castaños kalean dago, hain justu, Artxandako funikularraren geltokietako bat. Bestea, noski, Artxanda mendia bera da. Hiru minutuko bidaia merke bat eginda, funikularrak Bilboko ikuspegi ederrenetako batera hurbiltzen gaitu: hiri osoa ikus daiteke geltoki ondoko parketxotik. Bidaia bera ere ikusgarria da, ia %45eko maldak gainditzen baititu 770 metrotan.

Funikularra 1915etik dabil lanean, eta zerbitzu handia ematen die bilbotarrei nahiz bisitariei. Izan ere, ikuspegia ez da Artxanda mendian goza daitekeen gauza bakarra. Ezagun dira hango jatetxe handiak -oturuntza egitera igotako ezkontide eta gonbidatuz mukuru asteburuetan-, eta kiroldegiak. Bizkaitar gehienek dakite, halaber, hantxe egiten direla gida-baimena ateratzeko ezinbesteko teoria azterketak.


Central Park ez, baina...

Dena ez da zementua: Udaleko iturrien arabera, biztanleko zazpi metro koadro berdegune dago Bilbon. Hiriak badauka hainbat parke Etxebarriaz besterik, eta horietan ezagunena, zalantza barik, Doña Casilda da, San Mames futbol zelaitik oso hurbil eta hura baino urte batzuk zaharragoa (1907koa da). Ahateen aintziratxoa eta musika emanalditarako erabiltzen den Pergola ditu gunerik esanguratsuenak.

Askoz berriagoak dira Europa parke zabala -Otxarkoaga, Txurdinaga eta Santutxu artean-, 1988an sortua, eta hiriaren aurpegi-edertzearen ondorioz berriki agertutako azken biak: Bidarte -Deusto aldean- eta Oroimenaren Ibiltokia, Guggenheimen, Euskalduna jauregiaren eta oraindik egiteke dagoen Abandoibarrako zumarkalearen artean. Udalak helburu potoloak ditu Oroimenaren Ibiltokirako: etorkizunean hiri osoa josiko duen haria izatea nahi lukete, Najako kaia, Ripa kalea, Uribitarte eta beharbada Olabeaga ere lotuz. Oraingoz, hiru kilometro luze da ibiltokia, eta bere baitan biltzen ditu, besteak beste, Zubiarte merkataritza gune handia eta Txillida, Dali eta beste zenbait artista handiren eskulturak.

Botxoko maldetan gora
Zeozergatik esaten diote botxo Bilbori. Euskal Herriko hiri handienak bertatik bertara ditu mendizaleen gustuko hainbat tontor. Eta hiriko mendirik ezagunena izateko lehian zein baino zein -bilbotar petoek zuzendu gaitzatela bestela-, Artxanda eta Pagasarri ditugu. Mendizaletasunaren ikuspegitik, ordea, bigarrena gailentzen da argi eta garbi; Artxandara ere jende asko igotzen da, baina funikularrez edo autoz batez ere.

Pagasarri (671 metro), berriz, Ganekogorta mendigunean dago. Ez da bertako garaiena, baina badu berezitasun bat: oso erraz hel daiteke bertara Bilboko erdigunetik. Horregatik, jende askok aukeratzen du zapatu edo domeka goizeko txango laburrerako. Zabalburu plazatik abiatuta, Juan de Garay kaletik joango gara San Adrian auzora. Hura atzean utzitakoan autobide gaineko zubia zeharkatu, Iberdrolako eraikinaren albotik jarraitu eta ezkerretara egin behar da Pagasarriko bidea deritzonari ekiteko, Garbigunetik oso hurbil. Bestetik, Ganekogorta mendiak ere (998 metro) bilbotarra du bere hegietako bat, baina askoz lan nekezagoa da harainoko igoera.

Malmasin mendia ere Ganekogorta mendigunekoa da. Izen bereko tunel ezaguna azpitik igarotzen da, eta ez da oso garaia (392 metro). Hala ere, inguruaren ikuspegi politak daude bertan. Bilbon bagaude, Abusu auzotik abiatu gaitezke Malmasinera. Zenbait aztarnak agerian utzi dute orain milaka urte bazirela gizakiak haren tontorrean. Lehenengo bilbotarrak?

Bilbo itsasadarretik ikusita

Ibaizabaletik txangoa egitea modu paregabea da hiriaren bestelako ikuspegia izateko. Horretarako aukera eskaintzen du, 1997tik, Portugaleteko Txalupa Gidarien Elkarteak. Urte hartan erosi zuten Euskal Herria ontzia, itsasadarraren alde batetik bestera bidaiariak daramatzaten «gasolino» txikiagoen osagarri. Ordura arte, ontziak Vanguard zeukan izena, eta Salou-Cambrills ibilbidea egiten zuen Kataluniako Tarragona probintzian.

Euskal Herriak, gaur egun, zerbitzu mota bi ematen ditu. Alde batetik, Getxo eta Sestao arteko bidaiari-garraio erregularra egiten dute. Bestetik, txangoak eskaintzen dituzte, norberaren neurrikoak beti ere. «Pertsona edo talde bakoitzak hautatzen du ibilbidea eta iraupena, baita non gelditu ere». Diotenez, Bilbotik Getxora doan ibilbidea eskatzen da gehien, eta geldileku arrakastatsuenak Bilboko Udaletxea, Guggenheim museoa, Euskalduna jauregia, Sestaoko Izar ontziola eta Bizkaiko Zubia dira.

Ontziak 100 lagunentzako lekua dauka, baina bertan jaia antolatu nahi izanez gero -sarritan eskatzen omen diete ezkondu aurreko agur festak ospatzeko-, ez dira 70 bidaiari baino gehiago onartzen. Prezioen eta bestelako xehetasunen gaineko informazioa aurkituko duzue web gunean (www.turismoriabilbao.com).


ASTEKARIA
2006ko abenduaren 24a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude