Gregorio Biteri, Elosuko azken euskara hiztuna: "Ahaztu ere ez dakit zelan ez zaidan egin"


2006ko abenduaren 24an
Gregorio Biteri eta Segundo Jauregizuria, bi euskaldun Elosun. Adin handikoak biak. Ez bata ez bestea dira Elosu bertakoak. Lehena, Biteri, alegia, bertatik hur jaio zen, Nafarraten, eta inguruari dagokion euskararen jabe oso da oraindik. Hori du berezko altxorra. Bigarrena, Jauregizuria, Leioan jaio zen, eta hangoxe erara egiten du berba. Euskara hiztun bakarrak ziren Elosun. Aurten, ordea, alargunduta eta bakarrik, Gasteiza jo behar izan du Segundo Jauregizuriak. Engoitik ez dugu, Biteri ezik, euskaraz ondradu hitz egingo digun beste inor Elosun.

Bertako euskararen peskizan eta ez naiz zuregana jotzen duen lehenengoa...
Etorri izan dira lehenago ere nirekin hitz egitera. Azkena, irakasle bat. Segundo ere hor zegoela esan nion, Leioan jaioa zela... eta kito! "Nik Nafarrateko euskararen bila nabil, Leioakorik ez dut nahi!". Jende asko etorri da, galdezka. Hitzak zelan esaten diren jakin nahi dute gehienetan. Nik batzuetan jakiten dut zelan erantzun, eta beste batzuetan ez. Zuk ere, galdetu, eta ikusiko dugu. Ez dakit zelan ere ez zaidan ahaztu euskara.

Txikitandik dakizu euskara zuk...
Bai. Nik lehenengo ikasi nuena euskara zen. Nik ama ere giputza neukan. Bedoñakoa, Aretxabaletakoa. Aita hemengoa zen, Elosukoa. Ni Nafarraten jaio nintzen. Gurasoak Elosun bizi ziren hainbeste urtetan eta gero Nafarraten erosi zuten baserri bat eta hara joan ziren bizitzen.

1922an jaio zinen...
Bai. 85 urte ditut. Badira urteak. Baina sasoi ona daukat oraindik. Ortu handia daukagu eta neuk manejatzen dut dena... Gu sei neba-arreba izan ginen etxean. Neu bakarrik bizi naiz orain. Atzena izan nintzen ni, seigarrena. Etxean, euskaraz egiten genuen neba-arrebekin, aitarekin, amarekin eta guztiekin. Euskaraz. Orduan bederatzi auzo izango ziren Nafarraten. Eskolara Urrunagara joaten ginen. Ordu laurden, oinez. Mendia zen, baina samurra. Bidetxo bat zegoen hara joateko. Elizatik irteten genuen eta bide hartatik artez-artez-artez, Urrunagara. Ez naiz gogoratzen zenbat urterekin joan nintzen eskolara, sei edo zazpi urte edo edukiko nuen. Eta eskolara joan arte, olgetan pasatzen genuen denbora. "Jolasetan" edo zelan esaten duzue zuek?

Jolasean.
"Olgetan" guk. Eta beharrean ere egiten genuen, bai. Orduan iturrira joan behar zen uretan ere, eta ura eman amari edo, holako beharrak! Egurra, su egiteko eta! Eskolara hasi ginenean, dena zen erdaraz. Beti erdaraz.

Eta zuk, bazenekien erdaraz?
Bai, baina euskaraz hobeto. Nafarrateko beste mutiko batzuek erdaraz egiten zuten eta eurekin ikasi nuen. Eskolan erdaraz egiten genuen, eta olgetan ere bai, erdaraz. Urrunagan asko zeuden euskaraz ez zekitenak, nire edadekoak. Eskolan ondo ibili nintzen. Maisua ere bertan geneukan. Matematikan ona zen, baina beste gauzetan ez zuen batere balio.

Kastigurik bazen?
Bai, bazen kastigua. Makilatxo batzuk zeuzkan eta makilarekin eskuan jo eta...

Txarto portatzeagatik, edo euskaraz berba egitearren?
Euskararen gainean ez zigun sekula ezer esan. Bertakoa zen. Ziraungoa. Hortxe da Ziraun, herri txiki-txikia. Eskolan hogeita hamar ume edo izango ginen, denak batera, zazpi urtekoak eta hamalaukoak. Nik hamalau urte neuzkanean gerrak irten zuen eta orduan ia ez zen klaserik egon. Gerra. Nik hamalau urte neuzkan gerra hasi zenean. Gerra hasi baino lehen genekien guk gerra zetorrela, ze herriko abadea geneukan etxean. Hark periodikoa hartzen zuen egunero. Giputza zen.

Haren izena gogoan daukazu?
Don Domingo Jakakortexarena.

Txomin Jakakortexarena?!
Famatua, ezta? Gure etxean egon zen hiru urtean. Liburuak ere egin zituen euskaraz. Erleen gainean eta. Ni izan nintzen haren sakristaua Nafarrateko elizan. Mezak erdaraz ziren. Euskaraz, zer edo zer, zer edo zer, baina gauza gutxi. Dotrina bat bazen eta errezoak egiten euskaraz ikasi nuen nik, abadearekin.

Gerrarekin amaitu ziren kontu horiek...
Ollerieta eta Ubide aldean errepublikarrak zeuden. Gorriak esaten zieten orduan. Haiek Nafarrateraino sartu ziren. Elosun, Francoren soldaduak zeuden, konpainiaren bat edo. Egun batean, goizaldean, eguna zabaldu orduan edo lehenago, tiroketa. Elosuko abadeak ihes egin zuen Nafarrate aldera. Atzetik tiratu zioten eta eritu egin zuten. Auzo batek aurkitu zuen, iturrira zihoala pitxer handi batekin uretan. Bidean jausita zegoen abadea. Geure etxera ekarri zuten. Han, lehenengo osatzeak egin eta Lukura eroan zuten. Urrunagara edo Urbinara bazegoen bidea baina tiroak ere baziren Legutianon eta!, hemen eta!, eta ez ziren atrebitu handik eroaten. Geure burdi bat hartu, koltxoi bi burdian, bertan hartu abadea eta eroan zuten auzoek. Nik aita eta anaia kartzelan neuzkan, eta neu nintzen baserriko gizonik nagusiena, hamalau urterekin. Gure herriko abadea aitarekin eta anaiarekin eroan zuten erreketeek, baina obispaduak etxera bidali zuen.

Badakit gerratik majo probatu zenuela. Makina bat bonba eta tiro izan zen hemen hauetan eta ez zintuzten aparte harrapatu, hamalau urteko mutil gaztea zinena. Euskaratik jakin nahi dut nik gaur, ordea.
Artean Nafarraten ginenean, egun batean, mezatan geundela, kanoikada bat, elizan! Handik lau egunera Ubidera irten genuen. Handik, Zeanurira, herri hau ere hartu zuten arte. Barazarko erretira izan zenean, Bilbora joan ginen. Ikaragarria izan zen. Francorenek Bilbo hartu zutenean, hona etorri ginen berriz. Eta kontatuko dizut: oinez gentozen, Dionisio lehengusua, osaba eta neu. Hiru behi kontserbatu genituen, beraiek bi eta nik bat. Osabak burdia eta dena zeuzkan. Dionisio eta biok, geure artean berba egiten, biok euskaraz. Eta etorri zitzaigun halako mutil gazte bat, alkandora beltzarekin eta pistola paparrean ipini eta "íHable usted cristiano!". Ez dakit zer esan zigun gero. Barbaridaderen bat. Esan ere ez liteke eta!

Borroka latzak izan ziren hemen inguruan...
Bai. Hemen alde bietara joan zen jendea. Nazionalak esaten zitzaien orduan batzuei eta gorriak besteei. Denek zekiten euskaraz. Egin ere egiten zuten.

Eta gerra ostean?
Gerra ostean gure artean bai, egiten genuen euskaraz. Baina, bestela, buf!, euskaraz? Erdaraz dena! Abadeak musika apur bat eta txistu jotzen erakutsi zidan eta ederto! Aberri Egunean neu joaten nintzen koadrilarekin, dozena bat urteko mutikoa nintzela, txistu jotzen Gasteizera, Aberri Egunean.

Gerra aurreko Aberri Eguna Gasteizen... 1934. Euskaraz bazenekiten baina ez zenuten egiten. Galarazita zegoen euskaraz berba egitea?
Ez, galarazita ez, baina ez zen egiten, galarazi gabe ere... Nahiko galarazita hala ere, txarto hartzen zuten eta! Etxean egiten genuen, bai, eta kalean ere bai, baina geure artean. Gero, hemengo gazteek, apur bat zekitenek, ahazten utzi zioten euskarari. Guk ez!

Hemen ondokoa, Ollerieta auzokoa egin zenuen andrea.
25 urte egin baino egun batzuk lehenago ezkondu nintzen. Andreak aditu bai, aditzen zuen euskaraz. Haren aitak eta amak euskaraz zekiten, baina ez zuten egiten eta! Guk seme bi daukagu eta ez dute euskaraz egiten, ez segidoan egiteko moduan.

Hortxe galdu da, beraz, hemengo euskara...
Gure semeen eskola beti erdaraz zen. Eskola hemen bertan geneukan, plazan. Ume asko egon zen han. Berrogeitaka egongo ziren, batera. Maisuak Zamorakoak eta, asturianoak eta, ziren. Ez zuten ezer esaten euskararen kontra ez alde.

Noizkoa da, hortaz, euskararen aldeko giroa Elosu bueltan?
Legutianon, ikastola eta eskola publikoa hasi zirenean hasi zen. Ez dut uste hogeita hamar urte izango denik. Horrenbeste ez. Nire lau ilobak horra hasi ziren, eskola publikora, eta ederto ikasi zuten. Orain, laurek dakite ederto euskaraz. Eskola publikoan eta neurekin ikasi dute. Nire seme nagusienak esan zidan: "Hauei hitz bat ere ez erdaraz, Euskaraz dena!". Eta orain dena euskaraz! EGA daukate laurek. Haiek batua egiten dute, baina ondo aditzen diogu bata besteari. Apur bat neurekin ikasi dute eta gauza asko neuk egiten dudan moduan egiten dute eurek ere.

Herrian inorekin euskaraz egiteko modurik baduzu?
Nik, euskaraz, hemen, Segundorekin egiten nuen. Eta anaia hil arte, anaiarekin. Baina anaia urte asko da hil zela. Gero, Segundo egon zen hemen, euskaraz zekiena. Baina Segundorekin ere... igual aste guztian ez ginen batzen eta! Gainera, orain Segundo Gasteizen dago, erresidentzian... Ahaztu ere ez dakit zelan ez zaidan egin euskaraz!

Muga aldeko euskara
Legutiano inguruetako euskararen gaineko azterlana (Legutiano aldeko euskara) kaleratu zuten iaz Iñaki Carrerak eta Imanol Garciak. Lanari sarrera egiten dion testuan, honela mintzo dira egileak: «Jende gehienak pentsatzen duenaren kontra, Arabako alderdi honetan [Legutiano-Billerle, Elosu, Nafarrate, Urrunaga, Goiain eta Urbina] gaur egun ere oso erraz aurki daitezke bertako euskara duten euskaldunak. Hauetako batzuk inguruko herrietan bizi dira, edo Gasteizera etorri dira bizitzera. Beraz, Aramaio ez da Araban daukagun udalerri euskaldun bakarra, euskaldunena baizik. Aipatzekoa da herri hauek guztiak Gasteiztik oso gertu daudela eta dagoen hizkera Arabako jatorrizko euskararen muga litzatekeela».
Muga aldeko euskararen jabe bakarrenetako da Gregorio Biteri.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude