argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 16a

Korrika 15

Martxoaren 22an hasiko da Bizkaiko Karrantzan eta apirilaren 1ean bukatuko da Iruñean, 2.000 kilometrotik gora eginda. Aurten Korrika 15ek Euskal Emakumea omenduko du euskararen eta euskal kulturaren mantentze, berreskurapen eta etorkizunean izan duen egitekoagatik.


Sinadura bilketa Zaraitzu eta Erronkarin

Zaraitzuko Xardoki eta Erronkariko Kebenko elkarteek sinadura bilketa abiatu dute, Euskararen Legea aldatzeko eta bailara horietako 24 udal eremu euskaldunean sartzeko eskatzeko. Urtarrilaren amaiera arte luzatuko da kanpaina eta ondoren, bildutako sinadurak Nafarroako Parlamentura igorriko dituzte.


UEMAk batzarrik ez

Abenduaren 16an, Zestoan (Gipuzkoa) batzar nagusia egitekoa zen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Ez zuten batzarrik egin quorumik ez zegoelako -26 lagun baino ez ziren bertaratu-. Ez da lehenengo aldia arrazoi beragatik batzarra egin gabe geratu dela; Alegian beste hainbeste gertatu zen uztailean. Abenduaren 16ko batzarrean lau gai zituzten hitz egiteko: lehendakari berria aukeratzea, Alegiako Udalak UEMAn sartzeko egindako eskaria aztertzea, urteko balantzea eta 2007ko egitasmoak.


Zientzia eta Teknologiaren corpusa

EHUko IXA taldeak eta Elhuyar Fundazioak osatu dute euskara ikertzeko hizkuntza baliabide hori. Euskarazko lehenengo corpus espezializatua da. 1990 eta 2002. urte artean argitaratutako zientziaren eta teknologiaren alorreko lanak hartu dituzte kontuan corpusa osatzeko eta zortzi milioi hitz ditu. Corpusa www.ztcorpusa.net web gunean kontsulta daiteke.


Azterketa kuantitatibotik kualitatibora

Unesco Etxeak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak egin dute hitzarmena. Herritarrei galdetuko diete zein iritzi duten elebakartasunaz, elebitasunaz eta eleaniztasunaz. Ikerketaren ardura Unesco Etxeko hizkuntzalari talde batek izango du.