«Gaixotu zenean, senarraren kontsultara etortzen zen, eta galdetzen zuen: 'Eta Maria Angeles?' 'Unibertsitatean da, eskola ematen, baina laster izango da hemen'. Jon Idigoras gure etxean, zain, eta han non ikusten duen parean Espainiako errege-erreginen argazki bat, neuri eskainia. Zergatik? Jose Angel Sanchez Asiainek, nire lagunak, elkarrizketa bat izan zuen erregearekin. Esan omen zion Espainiako Juan Carlos erregeak: 'Zer zabiltzate euskaldunak? Beti matxinatuta! Ez dakit zuen herriaren historiarik'. Jose Angelek nire lana aipatu zuen: 'Bada, nik badut lagun bat, Euskal Herriaren historia laburra idatzi duena'. Jose Angelek esanda, nire liburua bidali nion erregeari. Hark, ordainetan, euren argazkia, eskaintza eginez. Eta Idigorasek huraxe ikusi! 'Zer zabiltza zu, Maria Angeles!'. Pasadizoa kontatu behar izan nion. Eta berak, orduan: 'Tira, horrela bada, ulertzen dut!', esan zidan. Jatorra zen, jatorra. Kontu horretan oso egoskortuta, baina ulertzen nion, ze hemen egia osoa goiko horrek beste inork ez du».