Hortzmuga Teatroak Eva vs Eva antzezlanaren euskarazko bertsioa taularatuko du abenduaren 22an Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean.
Victor Ullatek zuzentzen duen baletak Coppélia obra klasikoa eskainiko du abenduaren 22an Iruñeko Gayarre Antzokian. Bertsio honetan, Coppelius Doktorearen panpinen tailerra robotika eta adimen artifiziala garatzen dituen laborategi zibernetiko bihurtuko da. Emakume itxura izango duen androidea sortu nahi dute bertan.
Lorea Alfarok irabazi du Artista Gazteentzako Iruñea Saria, Hauek izan ziren nire lehenengo marrazkiak argazki sortari esker. Bigarren saria Raul Ursuak jaso du eta hirugarrena Txema Maravik. Aurten aurkeztutako 43 obretatik 34 eta iazko irabazleen artelanak Iruñeko Gotorlekuan izango dira ikusgai 2007ko urtarrilaren 14a arte.
Pablo Malo zinema zuzendari donostiarrak hilaren 29an estreinatuko du La sombra de nadie beldurrezko filma. Pirinioetan galduta dagoen neskentzako barnetegi batean gertatzen den istorioa kontatzen du filmak. Irudi gehienak Lekarozen grabatu dituzte, kaputxinoen barnetegia izandako eraikinean.