Ihesi: Elorrio, Txantxibiri txantxibiri...


2006ko abenduaren 17an

Monumentu multzo historiko-artistiko izendatua da Elorrioko hirigunea. Hiri barruan galtzea nahikoa da denboran atzera egiteko. Gaur egun asko dira Elorrioren edertasunak erakartzen dituen turistak, baina aspaldiko kontua omen da hori. XX. mende hasierara arte nekazaritzatik bizi zen herria, baina turismoa heldu zen eta bainuetxeei esker arrakasta lortu zuen. Ospe handiko bainuetxe bi zeuden herrian. Horiek desagertu zirenean, Bilbo inguruko familia aberatsentzako udako zein atsedenerako herri bihurtu zen.


Udalatxera goaz

Mendiz inguratuta dago Elorrio: Intxorta (797m), Udalatx (1092m), Memaia (669m), Amitar, Santa Mañazar (679m) eta Erdella (660m) dira bere zaindari. Udalatxen barrenean sortzen den Zumelegi errekak zeharkatzen du Elorrio. Udalatx edota Udalaitz, bertara begira dauden begien arabera ditu bi izen. Batzuentzako haitzez jantzitako mendia dugu eta beste batzuentzako hatxez jantzitakoa. Izan ere Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiaren artean dago mendi ezagun hau. Tontorrera heltzeko bide bat baino gehiago daude, baina Kanpazarreko lepotik hasten den bidea ez da horren luzea eta ondo markatuta dago. Hori bai, maldan gora ibiliko gara bide osoan zehar. Kanpazarretik hego ekialderantz doan pista hartu behar da (seinalizatuta dago) eta harrobia pasatu ondoren hegoalderantz doan bidea hartu behar da. Ikuspegia ederra da tontorretik. Kanpazarretik bertatik Besaiderako bidea ere hasten da eta baita Intxortarako bidea ere.

Bestelako ibilaldi txikiak egiteko aukera ere badago Elorrio inguruetan. Argiñetako nekropolia dagoen Zenita auzoan, adibidez, jende asko ibiltzen da paseoan. Bainuetxe ospetsua zegoen lehenago Zenitan, gaur egun ikastetxea dena. Sulfuro ura erabiltzen zuten bainuetxean (uratsa herri hizkeran) eta bertan dago oraindik ere iturburua. Argiñetatik gora Mendrakara helduko gara (herrigunetik kilometro pare batera). Bertan dago Santo Tomas ermita eta han ere badira zenbait hilobi. Ikuspegia ere ederra da han.


Erdi Aroa

Historiaurreko edota erromatar garaiko aztarna esanguratsurik ez dago Elorrion, baina bai Erdi Arokoak. Aipatutako Argiñetako nekropolia dugu horren adibide, edota Etxebarriako San Agustin erromatar aurreko monasterioa. 1053. urtean eraiki zuten berau. Hala ere, badirudi aurretik ere beste eraikinen bat bazela bertan. Monasterioak hainbat aldaketa izan ditu urte hauetan guztietan. Eraikin erromaniko bihurtuko dute lehenengo eta eliza gotiko gerora.


Lantza zorrotzak

1468. urtean oinaztarren eta ganboatarren borrokaren lekuko izan zen Elorrio. Ibarratarrak eta Martzanatarrak bat egin ezinik aritu ziren eta historiako gatazkarik gogorrenetarikoa izan zen. Garai hauetan Elorrioko lantzak ere ezagunak ziren. Lizarrez egiten zituzten eta Elorrioko mendietan eta mugako herrietan (Elgeta, adibidez) hainbat lizar zeuden horretarako landatuta. Baserritarrek eta lantzagileek bat egiten zuten lanbide honetan. Felipe II. ren ejerzitoarentzako gune garrantzitsu moduan agertzen da agirietan. Lisboaraino ere heldu omen ziren Elorrioko lantzak.


Urrezko garaia

Elorrioko urrezko garaia XV-XVIII. mendera bitartekoa da (1630. urtean egin zuten bat Etxebarriako San Agustinek Elorriorekin). Santa Maria eliza eraiki zuten (Gaurko Sortzez Garbia) eta harresitik kanpora atera zituzten errebal edota auzoak. Oihalgile eta lantzagile trebeen herri izatetik burdinarekin negozioak egiten zituen herri izatera pasatu zen. Orduan sartu zen diruaren ondorio dira Elorrioko eraikin zein etxe ederrak: 20tik gora jauregi eta 69 armarri. Garai bateko jauregi eta jauntxo etxeak ikastetxeak, etxebizitzak edota negozioak dira gaur egun. Kurtzeak, elizak eta ermitak ere ugariak dira.


Sortzez Garbia eliza

Sortzez Garbia eliza handiaren (Bizkaiko handiena baita) begiradapean sekretu asko gordetzen ditu hiriguneak. Hiria edo uria baita Elorrio. Elizako bertako erretaula ere ezaguna da edota kanpandorrea. Basilika zen 1959an eta bertan dago Balendin Berri Otxoaren omenezko aldarea ere. Bizkaiko saindu bakarra da berau. 1988ko ekainaren 19an egin zuen saindu Juan Pablo II.a aita sainduak. Zilarrezko kutxatilaren barruan daude sainduaren gorpuzkinak. Udaletxearen aurrean dago eliza, Gernikako arbola plazan, hain zuzen ere. Elizatik hurbil dago errebonbiloaren irudia ere.

Argiñetako nekropolia
Elgetarako bidean, herritik irten orduko, ezkerrera hartu behar da Argiñetara heltzeko. «Harginen lekua» da Argiñeta. Bertan harearrizko hilobi kristauak topatu zituzten eta hortik omen dator izena. 711. urtean Guadaleteko batailaren ostean arabiarrengandik ihesi zetozen bisigodoak Elorrioraino heldu ziren eta, antza denez, Argiñetan egin zituzten eurentzako hilobiak. Zati bitan eginda daude hilobiak: Gainaldea triangelu itxurakoa da eta beheko partean harrian landutako hilobia dago. San Adrian ermitaren aurrealdean daude hilobiok. Gaur egun 23 daude Argiñetan eta euretako bat bikoitza da. Latinezko inskripzioak ere badira hilobi batzuetan eta horietako baten arabera, 893. urte ingurukoa da hilobi hori. Argiñeta berezi egiten dutenak estelak ere badira. Hauek hilobiak baino zaharragoak dira, kristau aurreko garaikoak.

Don Tellok sortutako uria
Elorrio 1356. urtean sortu zuen Don Tellok Etxebarriako San Agustingo lurretan. Gipuzkoatik Bizkaian sartzeko sarreretako bat zen eta, beraz, borroka garaietan estrategikoa. Lehenengo hesiz inguratu zuten herria eta gero harresiz. Oraindik ere badira orduko harresiaren aztarnak. Harresien barruan kale paralelo bi zeuden eta hauek zeharkatzen zituen hirugarren kale txiki bat ere bai. Kale bakoitzaren amaieran ate bat zegoen. Guztira sei ate ziren eta hauetako gehienak desagertu diren arren, bakarren bat gelditzen da. Don Tello plazan dago horren adibideetako bat, Arezpakotzaga jauregiaren ondoan.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude