argia.eus
INPRIMATU
Sarean ere topa daiteke erantzunik
2006ko abenduaren 10
Internet daukaten gurasoek Bizkaiko Ikastolen Elkarteak (BIE) sortutako www.semealabok.net web orrira jo dezakete, beren umeen heziketak eragiten dizkien zalantzak argitze aldera. Ekimena, berez, Euskal Herri osoko ikastoletako guraso eta irakasleei zuzenduta dago, baina edonork erabil dezake webguneak eskaintzen duen artikulu sorta zabala. Artikuluok adinaren eta gaiaren arabera daude antolatuta, eta gurasoek agertu ohi dituzten kezken isla dira. «Web gunean ari direnek urte asko egin dute hainbat ikastolatan lanean, orientazio arloan, eta badute eskarmentua gurasoen zalantzei buruz», diosku Nerea Arregik, semealabok.net-eko sortzaileetako batek.

Artikuluez gain, web orriak kontsulta zerbitzua ere badauka. Hori bai, ikastoletako kideentzat baino ez. Nerea Arregik aitortzen duenez, askok jotzen dute artikuluetara, baina oraingoz gutxik kontsulta-gunera. Lotsa, nonbait. «Edozelan ere, esan dezadan guk tresna osagarritzat daukagula semealabok.net. Ikastolek badituzte beren orientazio zerbitzuak, eta normalean horra bideratzen dira galderak eta zalantzak».

BIEko kideek hezkuntza komunitate osoarengana iritsi nahi zuten eta, horregatik, ikasleentzako web orri bat sortu zuten semealabok.net-ekin batera ia-ia. Kontaizu.net da horren izena, eta semealabok.net-ek badu bertara sartzeko lotura bat. Biak euskara hutsezkoak ditugu uneon. Halaber, web guneak lotura interesgarri asko eskaintzen ditu, eta baita umeekin zerikusirik izan dezaketen elkarte askoren helbide eta telefonoak ere.