Amerikan zein Europan, gosetien inmigrazioaren aurka hormak jasotzen diren bitartean, kapitala planetan zehar dabil mugarik gabe. Egunero gertatzen da eta hori hobeto ikus ahal izan da joan den astean Euskal Herrian egoitza duten bi enpresa garrantzitsuren eskutik. Iberdrolak -egoitza Bilbon du- beste enpresa elektriko ingeles bat erosiko du 17.200 milioi eurotan. Egun batzuk lehenago BBVAk -honek ere egoitza Bilbon du- Citic banku txinarraren kapitalaren zati bat bereganatu zuen eta 989 milioi euro ordaindu ditu. 2003az geroztik, BBVAk Hego Amerikako eta Amerikako Estatu Batuetako bederatzi finantz erakunderen kontrola eskuratu du eta ia 8.000 milioi euro poltsikoratu ditu.
Operazio horiek beste «marrazo» finantzario handiagoen aurrean defendatzeko egiten omen dira. Azken horiek banka eta energia moduko sektore estrategikoak kontrolatu nahian dabiltza. «Marrazo»en arteko borroka da, preziorik baxuenean mokadurik handienaren bila dabiltza. Mugarik ez duen kapitala, borroka horretan, ez da bere ingurua defendatzeaz arduratzen -egoitza non jarri, langileak...-, errentagarritasunaz baizik. Kontuz beraz, egoitza soziala Bilbon duten enpresa horien etorkizuneko mugimenduekin. Kapitalak ez du aberririk eta gehien eskaintzen duenari saltzen dio bere burua. BBVAk eta Iberdrolak beste enpresa batzuk «irentsi» baldin badituzte, beraiek beste «marrazo» handiago batzuek «irensteko» arriskua dute!