argia.eus
INPRIMATU
Zientzia gustura irakur daiteke
2006ko abenduaren 03a
Iturri beretik sortuak dira literatura eta zientzia, gure jakin-mina asetzeko, eta horiek biak uztartu guran dabil aspalditik EHUko Euskara Errektoreordetza. Haatik, ubide gero eta bereiziagoak eraiki dizkiegu zientziei eta letrei, eta aurrez aurre jarri ere bai inoiz biak.

Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumako liburuak goi-mailako dibulgaziokoak dira. Atseginak dira irakurtzeko; arrakasta eta miresmena bereganatu dute beste hizkuntzetako irakurleen artean, eta aditua ez den baina egungo ezagutza zientifikoaren berri jakin nahi duen irakurleari zuzenduta daude, gazte nahiz zahar, aditu zein zale. Hainbat liburuk gaiari loturiko material gehigarriak ere baditu, CDan jasoak.

Egungo ezagutza zientifikoaren erakusgarri diren irakurgai bikainenak euskaraz ematea da ZIO bildumaren helburu nagusia. Horretaz gain, euskarazko prosa zientifikoa finkatzen lagundu nahi luke. Jakintza arlo askotako ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren gai espezializatuetako itzulpenak eskaintzen ditu ZIOk, beren kalitateagatik erreferentzi moduan erabil daitezkeenak. Horretarako, itzultzaile trebatuak erabili dituzte, eta haien gainetik begirale zorrotzak jarri. Bost itzultzaile aritu dira orain arte, eta denek jaso dute Euskadi Saria behin edo behin, itzulpen sailean. Xabier Olarra, Juan Garzia, Irene Aldasoro, Josu Zabaleta eta Jon Muñozek osatzen dute eliteko taldea. Fernando Morillo eta Garikoitz Knörr arrimatu berri dira, eta etorkizuneko lan batzuen ardura hartuko dute, beti ere EHUko Euskara Zerbitzuko teknikarien laguntzarekin. Liburuen azalen eta diseinuen arduraduna berriz, Anton Olariaga da.

Duela lau urte abiatu zen egitasmoak bi arduradun nagusi ditu gaur egun, EHUko Euskara Zerbitzukoak biak eta aski ezagunak gure artean: Juan Garzia Garmendia eta Itziar Laka Mugarza.

ZIO bildumaren arduradunak: «Hauek ez dira irakasteko liburuak, baina bai ikastekoak»
Liburuok ez dira ikas-materiala.
Ez dira esku-liburuak, irakasteko testuak. Saiakerak dira, eta, Loroaren teoremaren kasuan, eleberria. Egia da zientzia alorreko ikasleei onura egingo dietela liburu hauek, baina ez daude berez irakasgaietarako egokituta. Inoiz erabili izan dira ZIO bildumako liburuak klasean, baina hori irakaslearen esku dago, jakina. Hauek ez dira irakasteko liburuak, baina bai ikastekoak.

Gazteentzako al dira?
Ez beren-beregi. Bakanen bat akaso bai, badago institutuetako ikasleei zuzendua, baina denetarik dago.

Normalean, gai bat baino gehiago sartzen da liburu bakoitzean. Sacks-en kasuan (Antropologo bat Marten), esate baterako, neurologia da gai nagusia, baina psikologia ere bada, filosofia ere bai, antropologia, eta zelan ez, literatura. Bilduma eklektikoa da, gaiak eta mailak ezberdinak direlako.

Zientzia eta literatura uztartu guran dabil ZIO. Elkarrengandik urrunduta ibili dira aspaldian?
Arsuaga zientzialariak oraintsu esaten zuen askoz normalagoa dela zientzialari bat literatura irakurtzen ikustea alderantziz baino. Jendeak uste du ez dagoela zientzia edo ezagutzari buruz gustura irakurtzeko gauzarik. ZIOrekin erakutsi nahi dugu badagoela material hori. Hau da, zientziari buruz hitz egingo dizut, baina hizkuntza atsegina eta garbia erabiliz.

Molde honetako lan asko dago atzerrian?
Bai, asko, eta batzuk oso arrakastatsuak dira, tartean bilduma honetako batzuk. Sacks-en liburuekin, esaterako, filmak ere egin dituzte.

Baina bi arazo ditugu guk hemen. Batetik, leku guztietan gertatzen dena, hots, jende askok pentsatzen duela, ezagutzen ez duelako, ez dagoela honelako lanik, edo daudenak adituei zuzendutako lan gozakaitzak direla. Eta bestetik, gure arazo espezifikoa, euskararen egoera ahula.

Horren guztiaren kontra egin nahi dugu, guztiz kontrakoa erakutsiz: badagoela ezagutzaren inguruko material asko eta asko, eta atsegingarria izan daitekeela. Gainera, belaunaldi aldaketa dator eta hezkuntza euskaraz egin dutenen txanda da. Horiek eskertuko eta gozatuko dituzte honelako produktuak, honelako liburuak ez zaizkie hain arrotzak egingo euskaraz eskolatuei.

Argitaratzeko daudenak
Eder behar du. Graham Farmelo.
Itzultzailea: Fernando Morillo.
Gaia: Zientzia modernoko ekuazio bikain-dotoreenak, istorio bihurtuak.

Formen matxinada. Jorge Wagensberg.
Itzultzailea: Juan Garzia.
Gaia: Eboluzioa eta izadiko formak.

Hizkuntzaren sena. Steven Pinker.
Itzultzailea: Garikoitz Knörr.
Gaia: Hizkuntzaren instintuari buruz.

Gogamen basatiak. Marc Hauser.
Itzultzailea: Irene Aldasoro.
Gaia: Zer pentsatzen dute benetan animaliek?


Orain artekoak

Antropologo bat Marten. Oliver Sacks.
Itzultzailea: Xabier Olarra.

Sagua, eulia eta gizakia. François Jacob.
Itzultzailea: Juan Garzia.

Loroaren teorema. Denis Guedj.
Itzultzailea: Jon Muñoz. (CDa F. Morillok).

Giza gorputza lanean. JMA Lenihan.
Itzultzailea: Irene Aldasoro.

Zenbakirik gabe bizi. John Paulos.
Itzultzailea: Josu Zabaleta.

Liburuak eskuratzeko
ZIO liburuak liburu denda arruntetan daude eta nahiago duenak EHUko webgunearen bitartez eska ditzake. www.ehu.es helbidean dago informazioa, «Argitalpenak» atalean edo Euskara Errektoreordetzako atalean. Durangoko Azokan ere izango dira.