argia.eus
INPRIMATU
Presoaren bizkarra
Amets Arzallus 2021eko uztailaren 19a
Film zaharretan, bola handi bati ihes egin ezinik ibiltzen ziren presoak, marra horizontalen artean kateatuta. Orain, marrak zutik jarri dira, eta baloi baten atzetik dabiltza, futbolean.

Munduko futbol zelai guztietan bizkarrak hitz egiten du. Baina normalean zenbakiak espazioaz dihardu: bata atezaina, bia laterala... San Pedroko kantxan, zenbakia denboraz ari da. Preso bakoitzak bizkarrean iltzatua darama libre izateko zenbat urte falta zaizkion. Baina ez dago denen kondenaren berri jakiterik, batzuek, kamera ikusterakoan, bizkarrean atorra jantziz estali dute aurpegia.

Zazpiko futbola da San Pedrokoa, eta zazpikoetan, zortzigarrena aulkitxora kondenatua dago. Zortziak, gaur ere, zelaira atera nahi zuen, baina kapitainak ez dio utzi: «Hik gero ere izango duk astia futbolean jokatzeko!». Eta bere kondena bizkarrean hartuta, atearen atzean eseri da, triste, pentsatuz, bera ere, egun batean, iritsiko dela atezain izatera.