argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2006ko abenduaren 03a

Hautsaren eragina urakanetan

2005. urtea gogorra izan zen amerikarrentzat, dozena bat urakan baino gehiagoren erasoa jasan baitzuten. Hori dela eta zientzialariek hainbat ikerketa bide abian jarri zituzten urakanen nondik norakoak hobe ezagutzeko. Lerro hauetan teoria horietako bat azalduko dizuegu.

Batzuen ustez, itsasoko tenperatura handiek eragin zituzten iazko urakan bortitzak; beste batzuen ustez, aldika-aldika gertatuko den fenomenoa da, eta beste batzuen ustez Saharako basamortuko hondarrarekin dute lotura.

AEBetako Wisconsin-Madison Unibertsitateko Amato Evan ikerlariak zuzendutako taldeak 1981 eta 2006 urte bitartean sateliteetatik jasotako datuak aztertu ditu eta ondorio hauek atera ditu: urakan handiak izan diren urteetan aireko hauts maila txikia izan da; aldiz, eguratseko hauts maila handia izan denean askoz ere urakan gutxiago sortu dira. Hainbat urtetan Saharatik milaka tona hondar altxatu dira eta Ozeano Atlantikoa abiadura handian zeharkatu dute, batzuetan bost egunetan.

Datu hauek oso garrantzitsuak dira zeren eta orain arte nagusi zen hipotesia zalantzan jarri da, hots, itsasoaren beroketa zela urakanak sortzeko faktore nagusia.

Ikerlariek diotenez: «ezin dugu ziurtatu hauts mailak urakanetan eragina duenik, gerta baitaiteke hautsa basamortutik altxatzea eta urakanak gutxitzea beste fenomeno atmosferiko baten eragin paraleloak izatea. Beraz, ikertzen segitu behar dugu».


Jateko kotoia

Kotoiko zuntza da guretzat ezagunena den elementua, ehunaren industrian asko erabiltzen baita; baina gehienontzat kotoi pikorrak erabat ezezagunak dira. Pikorrak soberakin gisa hartzen dira eta proteina asko baldin badute ere, berauetan gizakiarentzat toxikoa den elementu bat dago, hots, gossypola.

Hau dela eta, urtero produzitzen diren 44 milioi tona kotoi-pikor ganaduari ematen zaio -honi ez baitio kalterik egiten- edo olio begetala lortzeko erabiltzen dira.

AEBetako Texas A & M University-ko Keerti Rathore-k zuzendutako taldeak gossypola kontrolatzea lortu du, ez baita interesatzen erabat desagerraraztea, horrek landarea babesik gabe geratzeko arriskuan jartzen baitu.

Beraz, kotoi ehunetan gossypola mantentzen da, baina pikorretatik desagertuz kotoi pikorrak jaki gisa erabiltzerik izango dira eta batez ere, herrialde txiroetan 500 milioi pertsona elikatzeko balio dezake. Kotoiaren produkzioak beheranzko joera zeraman, baina ikerketa honekin indarra har dezake.