argia.eus
INPRIMATU
Lanuzteak
Juan Mari Arregi 2006ko abenduaren 03a
Lanuzteak dira langileen azken baliabideak, euren enpresetan, publiko nahiz pribatuetan, eskatzen dutena lortu ahal izateko. Beste ondorioez gain, galera ekonomikoak ere ekartzen ditu. Maiz, galera hauek aurretiaz lanuzterik gabe hitzarmen bat sinatu balitz izango ziratekeenak baino handiagoak izaten dira. Enpresak autoritate printzipioa aplikatzea, edo berau gehiegi erabiltzea, sindikatuen edo langileen eskaerak hasieratik bertatik baztertuz, maiz negoziazio kolektiboetan betetzea baino askoz ere garestiago izaten da. Euskal Herrian egun bi lanuzte garrantzitsu ditugu: Justizia Administrazioko langileena eta Irakaskuntza publikoarena. Sindikatuen gehiengoak babestu ditu. Bi lanuzteok enpresa publikoari dagozkio, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzari. Gizartean ondorio handiak izan dituzte. Lanuztea Irakaskuntzan bi urtez negoziatzen aritu ondoren etorri da eta Justizia Sailean ere hilabete askotan aritu dira. Zergatik utzi du Eusko Jaurlaritzak egoera hau erabat usteltzen bere langileak lanuztea egin behar izan arte? Ez zatekeen errentagarriagoa eta merkeagoa izango bere jarrerak langileenera hurbiltzea lanuzteen deialdia baino lehenago? Zergatik eskaintzen dira hobekuntza batzuk lanuztearen ondoren nahiz eta langileak pozik uzteko modukoak izan ez? Zergatik jokatu horrela? Enpresak zer nahi du, lanuzteak denbora gehiagoan jarraitzea, azkenik, ordura arte ukatutakoa eta lanuztearen zergatia izandakoa orduan eskaintzeko? Enpresa publikoak, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, enpresa pribatuari eredua eman behar lioke: elkarrizketa eraginkorra eta probetxuzkoa.