Argazkian ikusten dugun Kaitlyne McNamara gazteak 16 urte besterik ez dituen arren, bere maskuriak ez zuen behar bezala funtzionatzen, eta arazo horrek, gernuak ihes egiteaz gain, arrisku handia zekarkion bere giltzurrunei. Baina AEBetako Wake Forest unibertsitateko ikertzaile talde batek, neskaren zeluletatik abiatuta laborategian maskuri berria sortzea lortu zuen, eta duela bost urte hasitako esperientziaren bidez, maskuri artifiziala ezarri ondoren, neskaren giltzurrunak osasuntsu mantentzea lortu dute.
Kaitlyne McNamaraz gain, 4 eta 19 urte bitarteko beste zazpi haur eta gazte hautatu zituzten ikerlariek, sortzetiko anomalia baten ondorioz maskuriko arazo larriak zituztenak guztiak. Paziente horiek arantza bikoitza izeneko malformazioaren maila larria zeukaten, eta beraien maskuriak ezin zuen hedatu. Horren ondorioz pixari eusteko zailtasunak izaten zituzten, eta azken finean baita giltzurruneko kalte funtzionalak ere.
Pazienteei biopsia egin zitzaien, beren maskuritik 1-2 zentimetro koadroko ehun-lagin bat lortzeko. Lagin horretan maskuriko zelula muskularrak eta urotelialak lortu ziren, ondoren laborategian lantzeko. Maskuriaren forma zuen sare moduko egitura batean kokatu eta bertan ezarri ziren, haziz joan zitezen. Zazpi asteren buruan, maskuri berria prest zegoen transplanterako. Azken pausoa horixe izan zen, maskuri artifiziala kirurgikoki pazienteari ezartzea, bere maskurian atxikiz.
Hurrengo hiru urteetan organo berriaren funtzionamenduaren jarraipen zorrotza egin zuten ikerlariek, eta maskuriaren mekanismoak hobera egin zuela ikusi zuten, bestelako teknika kirurgikoek -esate baterako heste meharreko edo urdaileko injertoen inplanteek- ekarri ohi dituzten bigarren mailako eragin kaltegarririk gabe. Kasu guztietan maskuriaren barne presioa saihestea lortu zen, eta horrela giltzurrunek ez zuten inolako arazorik beren eginkizuna bideratzeko. Gernu-ihesak ere nabarmen hobetu ziren, zazpi orduz gai izan baitziren gazteak pixari eusteko.