Ihesi: Altuen dagoen baserriaren bila

Ez dira ez alboko Aizkorri edo Udalaitz bezain ezagunak oraingoan zeharkatuko dituzuen mendiak, ez dute parke natural izendapenik jaso, ezta horrelako beste izenik ere, bisitariak ez ditu erakartzen eta oro har, inguruko herrietakoa ez den mendizale gutxi ibili ohi da bertan. Baina lasaitasun horrek, ikuspegiak, bidean topatutakoak eta bideak berak asko eskaintzen diote gainotara igotzen denari.


Lehenengo igoera, Gorostiaga

Legazpiko herrigunean udaletxe aurretik ekin diezaiokezue bideari (400 m). Azken honen parez pare dauden etxeen artetik, hegian gora doazen eskaileretatik igo behar duzue. Behin goian zaudetela, zertxobait eskuinera egin eta eskola baten ondotik abiatzen den porlanezko bidea hartu. Goenaga baserriraino iritsiko zarete (475 m). Zakurrak zaunka dituzuela ezkerretik jo, ataka pasa, gainditu ostean berriro itxi eta behetik gora doan bideari heldu. Atzera begiratuz gero, Legazpiko etxeetako teilatuak behean ikusi ahal izango dituzue, baita herri sarreran dagoen industria mordoa ere.

Bidegurutze batera iritsiko zarete (510 m), eta hor, pinudian barneratzen den bidetik jarraitu behar duzue. Antena baten ondotik pasa eta pinudian gora segi, pistara irten arte (575 m). Eskuinera jo gabe, pista horretatik metro gutxi batzuk burutu eta berehala eskuinera egin, gora doan bide batetik. «Kairn» edo harri pilak dituzue bidegurutzeetako bazterretan, hartu beharreko bide egokia zein den adierazteko, eta hor bezala, beste horrenbeste tontorrera iritsi artean. Pinudi artean gora zoaztela, Gorostiagako errepikagailura igotzen den bidera iritsiko zarete (740 m). Bide horretatik bertatik gora igo nahi ezean, etzanagoa baina luzeagoa den beste bat bada, pista hori gurutzatu eta zertxobait ezkerreragotik jarraitzen duen bidetik segita. Emeki-emeki pagadiak pinudia ordezkatuko du. Ganaduarentzako borda utziko duzue eskuinean gero eta lausagoa den bidean gora. Ez larritu! oso garbi ez egon arren, gora egin eta bat-batean goialdean agertuko zarete, errepikagailu erraldoi, gurutze eta kaperatxoaren ondoan (951 m). Aterpe txiki bat ere bada hor inguruan, toki aparta atsedena hartzeko.


Gainez gain Landarraitzera

Aterpearen ezkerretik behera egiten duen zidorra hartu eta segituan arrasto gorri-zuriak topatuko dituzue, GR-34 ibilbidearenak dira, Donostiatik Arantzazura doan ibilbidearenak, Deskargatik Udanarainoko zatiarenak, hain zuzen. Pista zabalagoarekin bat egin eta mendi-lepora jaitsiko zarete. Hor, bai pistak, bai arrastoak, hurrengo tontorra, Jentiletxe (907 m), eskuinetik inguratu dezaten utzi, eta tontorrera igotzen den zidorra hartu. Gain aldera iristen zaretenean, Jentiletxeko tumulua eskuinean utzi, eta goitik beherako bidea hartu, atzera pistarekin bat egin arte. Gainez gain doan zidorrari segika, Oregi duzue hurrengo tontorra. 916 metro dituela adieraziko dizue buzoiak. Haren alboan dagoen mugarriak, berriz, Oñati eta Legazpi arteko mugalerroan zabiltzatela. Pagadi ederretik aurrera, gora behera askorik gabe hurrengo gailurrera iritsiko zarete, Arranoaitz edo Arrandaitz deitua, 902 metrokoa. Buzoia duzue basoaren ertzean eta metro batzuk harantzago, oroitarria arranoarekin eta mugarri hirukoitza. Hor egiten dute bat Legazpik, Oñatik eta Antzuolak. Atseden hartu, eta eguraldia lagun baduzue, ez aukera galdu. Jaso burua, zabaldu begiak eta erreparatu zer duzuen begi aurrean: ederrak bistak!

Mendi bizkar nagusiak norabidez aldatzen du tontor honetan, ipar-mendebaldeko norabidea utzi eta ipar-ekialdera egiten du, Arrolako gainara iristeko, eta zuek, mendebaldera jarraitu behar duzue. Pintura gorri-zuriak utzi arren, lurrazpiko gas eroapenetik irteten diren zutabe horiak izango dituzue bidaide Landarraitz bitartean. Beraz, goitik behera abiatu, Antzuolako Arrolamendi elkartearen Argilekuko bordetatik igaro eta Koroso mendi-lepora helduko zarete, altuera nabarmen galdu ondoren (705 m). Harrate zabal honetatik igarotzen da Oñati eta Antzuola lotzen dituen galtzada zaharra. Korosomuño (790 m) igo nahi ezean, ezkerretik edo eskuinetik inguratu dezakezue. Ezkerra aukeratuz gero Oñatiko Koroso baserrira ailegatuko zarete eta hortik Lizargarateraino, porlanezko bidearen amaieraraino (750 m). Baserria atzean utzi, gain belartsua gainditu eta ataka batera helduko zarete. Aurrean duzuen muinoa da Landarraitz. Ekin beraz eguneko azken tontorrari!

Buzoi eta erpin geodesikoa duzue hor goialdean (838 m), ikuspegi ederrez gain. Hori bai, ia tontorreraino igotzen den alertze saila dela eta, hegoaldekoa soilik ikusi ahal izango duzue.


San Migeletik Bergarako kalera

Bi mendi-adar nagusi sortzen dira gailur honetan, bata, Bergara eta Oñatiren arteko mugalerrotik San Prudentziora jaisten dena, eta bestea, Bergarara doana. Bigarren hori da zuek jarraitu beharrekoa. Horretarako, alertze sailean barneratzen den zidorra hartu eta beherantz abiatu, mahai eta eserlekuz hornitutako lepo batera iristen zaretenean, badakizue: Azaldegietako atsedenlekuan zaudete, Antzuolako udal barrutian (770 m). Udalerri horretatik igotzen da, hain zuzen, horra iristen den pista. Pista hori ez hartu, aurrez aurre duzuen muinoa ezkerretik inguratzen duena baizik.

Astoaga baserriaren aurriak behean utzi eta Trukarriagara iritsitakoan, txabola eta iturria aurkituko dituzue, bidetik zertxobait eskuinera (710 m). Izen bereko muinoa ezkerretik inguratu behar duzue jarraian. Lasai baina, bideari eustea besterik ez duzue. Ez da ez zati atsegina hurrengoa, matarrasean egindako zuhaitz mozketak izugarri zatartzen baitu paisaia. Zehar-zehar behera doa bidea eta bizkarrera irteterakoan eskuinera jotzen du, ondoren nabarmen behera, Kerezietako txabola berritura jaisteko (585 m). Hor, txabola ondotik horizontalean doan pistaren behealdetik, beste estuago bat ikusiko duzue. Bide hori hartu, Antzuolatik Bergarara igaro, eta hainbat bihurgune eman ondoren, San Migel baselizara igotzen den porlanezko bidera jaitsiko zarete (325 m). Eskuinaldean, mendi-lepo batean ipar haizearen babesean Mendizabal baserri barroko ederra ikus dezakezue. Horra gerturatzeak ere merezi du.

Porlanezko bidean berriro, Kerexatsu baserri ondotik igaro eta gain batean dagoen San Migel baselizara ailegatuko zarete, Haritzeta auzoan (375 m). Aspaldikoa da baseliza horren jatorria, nafar erregeek burututako lursail eta sagasti batzuen dohaintzaren idatzietan ageri da lehenengoz, 1050. urtean. Hor behean duzue Bergarako kalea. Zuzenean jaitsi ahal izateko, metro gutxi batzuk atzera egin, eta ermitatik eta Kerexatsu baserritik erdibidean, ezkerrera abiatzen den bide zaharra hartu behar duzue. Adi bidegurutze horri! Ez da oso argia.

Zehar-zehar behera egin, eskuineko hegi malkartsura igaro eta begi aurrean izango duzue Bergara. Algodonera San Antonio lantokia egon zen orube itzelak arreta erakarriko dizue. Zer egitera doaz hor? Etxeak beharbada? Saihesbide berriko lanak direla eta, ingurua erabat desitxuratzeaz gain, bide zaharra galdu egin da. Beraz, landatu berri den pinudian ahal moduan behera egin eta tximini luze baten ondotik San Antonio auzora iritsiko zarete (160 m).

Zein ote Gipuzkoan altuen dagoen baserria?
Lizargarate parean planoa aztertzen hasita, galdera hori etorri zaigu burura, izan ere aurrez aurre duguna -egoera onean dago, nahiz eta bertan iraunkorki jenderik bizi ez- altu samar dagoela iruditu zaigu, 750 metrora itsas gainetik, hain zuzen ere. Etxera bueltan, liburu eta mapa ezberdinak aztertu ondoren, galdera honi hainbat erantzun bilatu dizkiogu. Mendiko borda nahiz aterpeak, eta garai bateko mikeleteen etxeak, San Adrian esaterako, alboan utziz, lau baserri multzo daude 700 metrotik gorako garaieran. Horietako hiru Oñati inguruan eta laugarrena Gipuzkoako erdialdean.

Lehenengo multzoa ere bitan bana daiteke: bata Bidanian, Ernioren magalean dagoen Berazeaga (715 m), eta bigarrena Beizamako Santageda mendateko baserri ezberdinak: Santageda (700 m), Galarreta (715m), Urdanpilletabekoa (710 m) eta Urdanpilletagoikoa (715 m). Oñatiko lehenengo multzoa zeharkatu berri duguna da, Sarramendi (705 m), Koroso (715 m) eta Lizargarate (750 m). Hurrengo multzo bat, Oñatiko Araotz auzotik gertu, baina Aretxabaletako udal barrutian, Ugaztegiko baserriak dira: Ataunena (705 m), Erdikoetxe (735 m) eta Goikoetxe (760 m). Laugarren multzoa, azkenik, Arantzazu inguruan dauden bentak dira: Milikua (735 m), Sindika (740 m) eta Goikobenta (740 m).

Datuok zuzenak badira behintzat, ez geundela hain oker konturatu gara, Lizargarate Gipuzkoan altuen dagoen baserria ez bada ere, hortxe ibiliko da. Datuon arabera, beraz, Ugaztegiko Goikoetxe izango litzateke garaiena, bigarrena ordea, benta eta baserri izandako Artiako San Juan (790 m), egun hondakinak besterik ez badira ere.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude