argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2007ko otsailaren 21a

Elhuyar hiztegia

Elhuyar Fundazioak Elhuyar Hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco) obraren edizio berria kaleratu du. Lehenengo Elhuyar Hiztegia duela hamar urte plazaratu zuten. Bigarren edizioa berriz, 2000.ean. Edizio berriak lokuzio gehiago bildu ditu. Datorren urtean ingelesa-euskara hiztegia ateratzeko asmoa du Elhuyarrek.


Euskaltzain oso izateko proposatuak

Xarles Videgain eta Andoni Sagarna dira euskaltzain oso izateko hautagaiak. Lehena, Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larrek proposatu dute eta bigarrena, Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejitak. Abenduan bi euskaltzain berri izendatuko dira.


Eremu mistoa ez dute zabalduko

Nafarroako Ezker Batuaren proposamenak ez du aurrera egin Nafarroako Parlamentuan, UPNk eta CDNk kontrako botoa eman dutelako (gainerako alderdiek proposamenari baietz esan zioten). Beraz, Aranguren, Beriain, Galar eta Noain-Elortzibar herriak ez dira eremu mistoan sartuko.