argia.eus
INPRIMATU
Cool Panic: «Gure sentsazioa da ez gaudela ez punkean, ez popean, ez inon. Basamortua da horren irudikapen argia»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2006ko abenduaren 03a
«Nowhere earth». Inoren lurrean zaudetenaren sentsazioa daukazue? Ez punk-rock, ez pop?
Bete-betean jo duzu. Hori da gure sentsazioa, ez gaudela ez punkean ez popean, ez inon. Estilo horiek guztiak jorratzen ditugu, baina ez estetikoki ez musikalki ez gara horrelako tipologietan sartzen. Diskoko argazkiek basamortua dute oinarri eta gure sentsazioaren irudikapen argia da.

Nahiago izan duzue melodiei eta matizei etekin handiagoa ateratzea. Oraingoan punk-rocka apur bat alboratu duzue...
Punka guretzat bizitzari aurre egiteko jarrera bat da, baina musikalki beste estilo batzuk jorratzea ere nahi dugu. Bere garaian Cancer Moon eta Sonic Youthek egin zuten bezala.

Itziar, zure ahotsak pisu handia hartzen du emaitzan...
Ahotsari etekina ateratzea talde askoren erronka da. Zer esan zer intentsitaterekin ikasten joan naiz. Gaur egun seguruago sentitzen naiz bai eszenatokian eta bai grabazioetan. Garrantzitsua da, baita ere, kantu bakoitzari dagokion ahotsa ematea; lortu dudalakoan nago.

GPrekin atera duzue diskoa berriro. Zer eskatzen diozue diskoetxe bati?
GPk oso ondo hartu gaitu beti. Gure ildoko diskoetxerik serioena eta aproposena dela uste dugu. Gaur egun Jose Luisek konposaketa egiten eta aukeratzen lagundu digu, laguntza afektiboa ematen digu eta baita zuzenekoak lortu ere. Rocka dagoen bezala egonda, ezer gehiago eskatu al daiteke?

Aspaldian entseatzeko lokalarekin arazoak dituzue.
Bai, aspaldian dabil Bergarako Udala musika taldeak lokaletatik bota nahian. Orain dela urtebete inguru Udalak Jaurlaritzatik lokalak egiteko dirua jaso zuen. Lanak egin bitartean bulego batzuetara bidali nahi gintuzten. Ezetz esan genien, bulegoek gutxieneko baldintzak betetzen ez zituztelako, eta tirabirak izan ziren. Orain inork ez daki Jaurlaritzak emandako dirua non dagoen eta guk lokal duinak eskatzen jarraitzen dugu.

-------------------------------------------------------------------------
Nowhere earth Cool Panic
GP records
Iraupena: 31'40'' 14 euro


Rockaren basamortuan galtzeko ahaleginetan

Bergarako boskoteak hirugarren diskoa aurkeztu du. Taldea sortu zutenean punk-rocka egiten zuten, baina nahiz eta oraindik aurreiritziek bultzatuta ildo horretan kokatzen ditugun, poliki-poliki beste soinu batzuetara zabaltzen joan dira: garagea, psikodelia, pop-rocka eta abar luze bat. Itziar Iturbe abeslariak ahots indartsua eta malgua dauka, eta giro eta helmuga askotara heltzeko gai da. Atzean soinua zizelkatzen diharduten musikari finak ditu. Agerian gelditzen da oraingoan estudioan erosoago aritu direla eta kantuak prestatzen denbora eman dutela. Hamar kantuotan melodia itsaskorrak, gitarra gogorrak, 70eko hamarkadako arrastoa, eta kutsu hippya duten psikodelia giroak ere lantzeko gai izan dira. Hala, ia ezinezkoa da taldea ildo zehatz batean kokatzea, eta hori da beraiek nahi dutena.