argia.eus
INPRIMATU
Sabeliztunen orakulua
Joxerra Garzia 2021eko uztailaren 19a
Erraza bezain ezaguna eta erabilia da prozedura. Aurrena, hitz egoki bat aukeratzen da, baina, Goebelsek zioen bezala, edozein hitz da egoki, baldin eta aski aldiz errepikatzen bada. Arazorik ez, beraz, lehen urrats horretan: edozein izen arruntek balio du.

Hurrena, izen arrunt hori izen berezi -eta, batez ere, izen propio- bihurtzen da. Hori ere ez da zaila: aski da izena Letra Larriz idaztea. Letra horrela larrituta, lasai geratzeko moduan daude izenaren sortzaileak.

Azkenik, bizia ematen zaio Izen Larriari, eta Pertsona bihurtzen. Handik aurrera, Hura da gauza guztien neurria, Haren hitza da jarraitu beharreko orakulu bakarra. Hori sinestarazi nahi digute behintzat Gauzaren bi gurasoek.

Jakin behar genuke, ordea, gurasoen esaneko txotxongiloa baino ez dela Prozesua -hori baita oraingo honetan Gauzari jarri dioten izena-. Mugitzen bada, gurasoek hariak mugitzen dituztelako da; hitz egiten badu, berriz, guraso biak sabeliztun trebe dituelako da.

Eta, jakina, bakoitzak bereak esanarazten dizkio txotxongilo koitaduari, zeinek bere bikotekidearen miseriak haizatu eta bereak isildurik, Ā«zu bekatariĀ» letania nardagarrian.

Bien bitartean, letra xumez idazten diren eguneroko prozesuek, benetan axola dutenek, Prozesu Larriaren kontrako bidean garamatzate, antza, sabeliztunei ez beste inori komeni ez zaion bidetik.