argia.eus
INPRIMATU
Prototipoak, estereotipoak, feminismoa(k)
Lourdes Oñederra 2021eko uztailaren 27a

Orain hogeita hamar urte gutxi-gora-behera feminismoa Espainian abiatu zuten zenbait emakumek manifestu bat zabaldu zuten udaberria baino lehentxeago. Beste berrehunen batek ere sinatu genuen. Izenburua, «Un feminismo que también existe». Martxoaren 18an El País egunkariak argitaratu zuen horren bertsio laburtua.

Manifestuak azpimarratzen zuen azken urteotan zenbat egin den erakundeen aldetik, zenbat lege atera eta aterako den emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak konpontze aldera, emakumeek gizartean izan ohi dituzten zailtasunak arintzeko. Ospatzekoa dela »zioen» luzaroan etxeko txokotik atera ezin zitezkeen arazoak ofizialki plazaratzea.

Haatik, adierazten zuen manifestuak feminismoaren barrenean eztabaida sortu dela lege berrien alderdi zenbaiten inguruan eta iritzi feminista batzuen berri bakarrik jakin dela, feminismoa ahots bakarraz mintzatu dela, baina badagoela bestelako iritzirik ere.

Esaterako, badela kezka legeek ez ote duten emakumeen bizitza gehiegi kudeatuko, gehiegizko babesaren kezka alegia, emakumeak beregaintasunik gabeko izakiak bagina bezala... Halaber arriskutsua dela legeekin bakarrik bizimodua alda daitekeela sinetsaraztea.

Gero, manifestuak kezka handia agertzen zuen Emakumearen Institutuak prostituzioaz esandakoengatik. Institutuak prostituzioa jarduera lotsagarri eta doilortzat jotzen du erabat, XIX. mendeko feminismo puritanoenaren bidetik. Horrek, noski, prostituten lan baldintza txarrak berdin jarrai dezaten aitzakia paregabea eskaintzen du.

Beherago zioenez, genero-indarkeriaren eta dibortzioaren inguruko berrikuntzek sortutako desadostasunak hain izan omen ziren handi, non feminismo desberdinez ere hitz egin omen daitekeen, emakumea defendatzeko modu desberdinez.

Manifestua idatzi zutenek erabat arbuiatzen dute gizonezkoen menderatze-grina «impulso masculino de dominio» dela emakumeen kontrako indarkeriaren arrazoi garrantzitsuena. Era berean, ez daude ados zigorra handitzeagatik handitzearekin. Zigorra behar da, baina zigorra handitzeak ez dakar berez konponbidea.

Bestalde, manifestuak adostasuna agertzen du orain dibortziorako arrazoi edo errudunik behar ez izatearekin. Emakumea adin txikikotzat hartzea litzateke beste zenbait feministek aldarrikatu dutena, gizonezkoen errua azaldu beharra beti, emakumeak bestelako baliabiderik aurkituko ez duelakoan inoiz.

Haurren zaintza automatikoki amari ez ematea ere ondo ikusten da manifestuan eta ez da sinesten beti amak daudela haurrengandik gertuago edo haurrak zaindu nahi dituzten gizonezkoen interesa dirua bakarrik dela.

Azken batean gizona-txar eta emakumea-biktima aurkezten dituen feminismo sinplearen estereotipoak nahi dira hautsi. Emakumeak biktimatzat jotzeak ez dio inolako mesederik egiten emakumeari: bere buruaren irudi ahul eta tristea ematen dio, beti babes bila ibili behar duenarena. Eta ez dago, berez, gizonen izaera gaizto eta menperatzailerik. Gizartearen ezaugarri batzuek neurriz kanpo bultzatzen dute gizon batzuen nagusitasun ustea eta batzuk benetako zanpatzaile bihurtzen dira.

Lege egokiak ezinbesteko laguntza dira, baina manifestuaren sinatzaileok behintzat ez dugu feminismo mendekatzaile bat nahi: feminismoak ez lituzke zanpatzaileak akabatu behar, feminismoaren helburua jokabide horien amaiera da, erlazio berdin, osasuntsu, errespetuzko eta, ahal denean, zoriontsuak izan ditzagun.

Manifestua oraindik ere sina daiteke. Aspaldiko feministen mugimendu berria abian da.