argia.eus
INPRIMATU
Net Hurbil: Munduko bonba atomikoen 2006ko inbentarioa
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 19a
Zientzialari Atomikoen Buletina ezaguna da arma nuklearrei buruzko informazio ona eta eguneratua eskaintzen duelako. Estatu Batuetan egiten den aldizkari honek gainera ordulari berezi bat erakusten du: Doomsday Clock, Azken Juizioaren Erlojua, holokausto nuklearretik zein hurbil edo urrun gauden agertzen duena. 2002tik gaur arte Doomsday Clock horrek «hamabiak zazpi minutu gutxi» markatzen du. Ordura arte, 1998tik, bederatzi gutxi markatzen zuen, eta 1995etik urte hori arte 14 minutu gutxi. 1988an hiru minutu gutxitan ipini zuten Atomic Scientists-eko erredakzioko adituek, armamentuen lehia izugarri bero zegoelako. Gerra Hotzaren beroan, 1947an estreinatu zuten erloju hori.

Urri honetan eztabaida berria hasi dute buletin horretako arduradunek, ea gerra nuklearraren hurbiltasuna neurtzen duen ordulari hori Ipar Koreako azken leherketa dela eta aurreratu behar ote dutenez erabakitzeko. Gainera, Atomic Scientists buletinak urriko zenbakian artikulu zorrotzetan deskribatzen du munduan dauden bonba nuklearren panorama.

Robert S. Norris eta Hans M. Kristensenek «Global nuclear stockpiles, 1945-2006» (Munduko bonba nuklearren inbentarioa, 1945-2006) argitaratu dute aldizkarian. Eta albiste on batekin hasten dute: «Zalantzak zalantza, badakigu arma nuklearren munduko stocka askoz txikiagoa dela 1986an baino. Armen kontrolerako itunen eta erabaki unilateralen ondorioz, arma nuklear pilak azken 45 urteotako kopururik apalenean daude». Horren ondoren, taloaren beste aldea: izkilu atomikoen jabe diren estatuak urte horietan hirutik bederatzira ugaritu dira.

Gaur bonba atomikoak dauzkaten Estatu Batuak, Errusia, Britainia Handia, Frantzia, Txina, India, Pakistan, Israel eta Ipar Korearen artean denetara 27.000 bonba dauzkate, baina horien %97 AEBenak eta Errusiarenak dira. Horietatik guztietatik 12.500 inguru «operational» daude, berehala erabiltzeko moduan alegia; gainerakoak, erretiratuta daude eta desegiteko prozesuaren zain.

Norris eta Kristensenek aitortu dute informazio gardenegirik ez dutela, eta datuok emateko aztertu dutela arma nuklearrez publikatu den guztia, epe luzeko tendentzietan ikertuz eta armen kontrolerako itunen jarraipena eginez. Gainerakoan, munduan iturri fidagarritzat jotzen da Atomic Scientists Bulletin egiten duen ekipoa.

Kalkulatzen da 1945etik gaur arte 128.000 buru nuklear (ingelesez nuclear warhead esaten diete) ekoiztu ditu gizakiak. Gehienak AEBetako armadak (%55) eta Sobiet Batasuna/Errusiakoak (%43 inguru). Gerra Hotza bukatutzat eman zenetik, bi herrialde horiek gero eta buru nuklear gehiagori kendu diete eraginkortasun estatusa eta erreserbara pasa dituzte; errazago ulertzeko, berehala ez erabiltzeko moduan gorde biltegietan, baina erabat desegin gabe.

Egoera berri honen arazoetako bat Norris eta Kristensenen aburuz zera da: erretiratutako arma atomiko horien guztien estatusa ez dela ondo definitu, eta ilunpean daudela. 2009an bukatzen da AEBen eta Errusiaren artean sinatutako Arma Estrategikoen Gutxitzeko Ituna (Strategic Arms Reduction Treaty I) eta hori luzatzen ez bada kontrolik eza are handiagoa izanen da.


India, Pakistan, Israel, Ipar Korea...

Estatu Batuek biltegian 10.000 buru atomiko dauzkate. Horietatik 5.735 daude erabiltzeko moduan (operational), eta gainerakoak ez-aktibo izendatzen dituzte. Energia departamenduak ezagutarazitako datuen arabera, ondoko urteetan horietako 4.000 buru nuklear desegiteko asmoa dago; baina aurrekontuan lehentasuna dute erabilgai daudenak hobetzea eta berriak egiteak. Yankiek 1945ean hasita 70.000tik gora buru nuklear ekoiztu dituzte; geroztik zaharrenak erretiratu eta berriez ordezkatu dituzte, eta azken urteotan esan dugunez asko desegin ere bai. Baina desegindakoetatik 12.000ren plutoniozko «hezurrak» (nukleoak) biltegietan daude gordeta oraindik.

Errusiak informazio gutxi eskaintzen duela diote, kexu, ikerlari amerikarrek. Kalkulatu dute, 1949an estreinako leherketa atomikoa egin zutenetik, sobietarrek 55.000 buru atomiko osatu zituztela. 1991n 30.000 inguru omen zeuzkan. Geroztik, nazioarteko itunei esker eta krisi ekonomikoagatik horiek ezin mantenduagatik, asko utzi dituzte baliorik gabe errusiarrek. CIAren kalkuluetan oinarrituz, Atomic Scientists-ekoek uste dute gaur 5.830 buru nuklear inguru dauzkatela.

Ikusten denez, denbora laburrean bonba atomiko asko erretiratu dituzte errusiarrek, eta orain horiek guztiak desarmatzera ezin iritsirik dabiltza, teknikari eta diru faltaz. AEBekin sinatutako itunen arabera 2012an, gehienez, 2.200 buru eduki beharko lituzteke, baina adituok diotenez oso posible da urte horretarako kopurua are txikiagoa izatea. Errusiak azken negoziaketan ahalegina egin zuen bai beraientzako eta bai AEBentzako buru nuklear eraginkor estrategikoen muga 1.500 aletan ipintzen, baina amerikarrek ez zieten onartu eskaintza.

Britainiarrek lehendabiziko eztanda atomikoa 1953an lortu zuten eta geroztik 1.200 bonba edo buru osatu dituzte. 1970ean 350 zeuzkaten erabiltzeko moduan. Gaur berriz kalkulatzen da 200 buru nuklear erabilgarriren jabe direla. Blairren gobernuak erabaki zuenez, kopuru horretan mantentzeko asmoa dute; horietatik 48 etengabe patruilan dabiltza urpekoetan.

Frantziak 350 buru nuklear dauzkala uste da. 1964tik gaur arte 1.260 buru ekoiztu dituela uste da. 1992an 540 zeuzkan, eta geroztik desarmatu egin ditu lurretik jaurtitako misiletan zeuzkanak eta baita abiotik jaurtitzekoak ere. Aldiz, 2010a artean itsasotik jaurtitzeko misiletarako buru atomiko gehiago fabrikatzen ari da.

Txinaren bonbateria 200 buruk osatzen dutela uste da. 1964an hasi zen leherketekin, eta geroztik denetara 600 bat antolatu ditu. AEBetako inteligentzia zerbitzuek uste dute ondoko urteetan txinatarrek gehiago egingo dituztela, eta zehazki AEBetara begira 20-75 egongo direla.

India eta Pakistanek dauzkatenen informaziorik ez da batere, baina bien artean 110 buru nuklear inguru eduki behar dituzte. Gehiago egiteko lanean ari dira, eta horretarako badaukate lehengai fisionagarria metaturik.

Israelek 60-80 buru nuklear eduki behar ditu, AEBetako inteligentzia zerbitzuen kalkuluetan. Beste ehun gehiago fabrikatzeko lehengaia ere badu. Ipar Koreak berrrikitan lehenengo bonba zapartarazi du lurpean, eta orain arte bere zentraletan ekoiztu duen plutonioarekin urtean 10-15 bonba eraiki ditzakeela uste da.

Etorkizunari begira, hiru arazo nagusia ondoriozta daitezke. Batetik, arma atomikoak dituztenek garbi diotela haientzako beharrezkoak direla, eta ez dituztela desarmatuko. Bigarren, aipatu ditugun potentzia txikiak arma gehiago egiten ari direla, eta hiru urte barru Iran gehituko zaiela zerrendan. Hirugarren, informazio gutxi daukagula.
---------------------------------------------------------------------------
www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.