argia.eus
INPRIMATU
Miren Agur Meabe: «Biktimentzat betiko anputazioa dira gerrak»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nola sortu zen Urtebete itsasargian?
Bulkada sentimental baten ondorioz. Iaz, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian Ez zaitez Gernikara joan, Lauaxeta ikusi nuen. Balde bat negar egin nuen, eta hain hunkituta geratu nintzen «honetaz idatzi behar dut» erabaki nuela. Inoiz ez nuen pentsatu gerra zibilari buruz jardungo nuenik, besteak beste errezeloz begiratu izan diedalako beti epika handiei eta epika horren kontatzaileei. Horregatik, liburuan gertaera handi bat kontatzen bada ere, pertsona txiki baten ahoan ipintzea iruditu zitzaidan egokiena.

Zer asmorekin dago idatzia eleberri hau?
Jon da gerraren kronista sentibera. Samurtasuna eta gordintasuna, beldurra eta ausardia, maitasuna eta gorrotoa, erotismoa eta lizunkeria, heroismoa eta saldukeria, elkartasuna eta zekenkeria ezagutuko ditu. Gizakiaren handitasuna eta miseriak. Biktimentzat betiko anputazioa izaten dira gerrak. Gerra hau euskalduntasunaren ikuspegitik kontatua dago. Istorioaren asmoa, kontakizun entretenigarri baten bidez gozarazteaz gain, gazteenei gerrari buruzko hausnarketa eragitea da.

Nola gauza daiteke hausnarketa hori?
Azken orrialdetan laburbiltzen dira alderdi nagusiak. Jonen galderak dira, irakurleak bere erantzuna eman diezaien. Adibidez, gerrako azken eguna al da bakearen lehen eguna? Iragana lurperatu egin behar da ala ez? Zergatik gerrak? Edo, gerra guztiak dira berdinak? Gainera, gogoeta etikoaz aparte, etekin pedagogikoa ere atera dakioke liburuari, hainbat aipamen geografiko eta kultural erreal egiten direlako.

----------------------------------------------------------------------
Urtebete itsasargian
Miren Agur Meabe
Elkar
136 orrialde
9,50 euro
Miren Agur Meabek 1936ko gerraz idatzitakoa
Gaztetxoei begira idatzi du Miren Agur Meabek. Urtebete itsasargian eleberriak 1936ko gerrak Euskal Herrian izan zuen bilakaera hamairu urteko mutiko baten ahotan jartzen du. Gerraren eraginez Bilbon gauzak okertzen hasi zirenean, kostaldeko herri batean farozain gisa lanean aritzen zen osaba baten etxera eraman zuen amak bere seme gaztea, han babestuago eta hobeto egongo zelakoan. Baina gerraren gorabeherak laster sentitu ziren Lekeitioren irudipen literarioa izan daitekeen Garraitzetan ere. Urtebeteko egonaldian bizi izan eta entzundako guztiak kontatzen ditu gaztetxoak eleberrian. Itsasargiari buruz osabarekin ikasitakoak, bere lehen maitasuna, herrian ezagutu zituen lagunen berezitasunak, Lauaxetak oparitu zion liburuarena, eta, gehienbat, gerrak ekarri zituen kalteak. Faxisten matxinadatik hasi etaSantoñako errendiziora bitartean Euskal Herrian gertatu zirenak: lubakiak eta gudaldiak, Gipuzkoa erori ondoren handik ihesi etorritakoen izua, alemanek airez egiten zituzten bonbardaketak, Garraitzetan bertan sortutako suntsipena, Gernika bonbardatu zutenekoa, Lauaxeta, Aitzol eta beste hainbaten fusilamenduak... Hau da, gerraren tragedia deitoragarria.